19 30.000 euroko laguntza bidaliko du Lasarte-Oriako Udalak Haitira

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 19a

Lasarte-Oriako Udalak 30.000 euro bidaliko ditu Haitira, urtarrilaren 12n izandako lurrikara jasan zutenei laguntzeko.
Jakina da astinduak Haitiko ondasun gehienak suntsitu zituela eta haitiar asko ezer gabe geratu direla. Amerikako tokirik pobreenetarikoa ere bada Haiti. Larrialdiko laguntza hau Udaleko kooperazio arloak Gurutze Gorriaren bidez bideratuko du.
Era berean, Udalak deia luzatu die herritarrei euren laguntza eman dezaten. Horretarako, Gurutze Gorriak kontu korronte bat zabaldu du Euskadiko Kutxan 3035 0050 71 0500046056 zenbakiarekin.
Horrela, prest dauden herritarrek eta elkarteek beren diru-ekarpenak egin ahal izango dituzte aipatutako kontu korronte horretan.
Lasarte-Oriako alkatetzak ahal duten lasarte-oriatarrak bultzatu nahi ditu laguntza eman dezaten “txikia bada ere, guztiaren batura asko izan baitaiteke” behar dutenentzat, alkatetzak adierazi duenez.