Erraustegiaren aurkako 2075 helegite hauetako batzuetan salatzen da besteak beste, erraustegi honetatik inguruko herrietara (Zubieta, Usurbil eta Lasarte) ez dagoela bi kilometroko tarterik eta beraz mota honetako jardueretarako legeak agintzen duena ez da bete. Era berean ez da aintzat hartu Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak hondakinak kudeatzeko hierarkiari buruz 2008ko azaroaren 19an aurkeztutako zuzentaraua eta ez da azterketa konparatibo bat egin kokapen posibleen artean.
35.000 sinadura
Bestalde Erraustearen Aurkako Plataformako kideek jakinarazi dute orain dela hilabete batzuk Hondakinen Euskal Legea eskatuz 35.000 sinadura aurkeztu zirela Eusko Legebiltzarrean.
Plataformaren iritziz, "helegite kopuru honek erakusten du herritarren artean oso zabalduta dagoela errausketaren aurkako iritzia, konturatzen direla osasunaren ikuspegitik kaltegarria dela eta ekonomikoki garestia. Alderdi politiko batzuk (PNV, PSE eta PP) eta hauek kontrolatzen dituzten Eusko Jaurlaritza, Legebiltzarra, Foru Aldundiak eta hainbat Udal dira konturatu nahi ez dutenak".
Atez atekoa
Bitartean aurrera jarraitzen du Usurbilen atez ateko bilketak, hondakinen %80 inguru gaika bilduaz eta udaberri honetan horrelako sistema ezartzeko azken pausuak ematen ari dira Hernanin eta Oiartzunen.
Gipuzkoako beste herri batzuetan ere azterketak hasiak dira epe laburrean atez ateko bilketa sistema gauzatu nahian.
Usurbilgo emaitzak beste herrietan ere frogatzen direnean are eta garbiago geratuko da errauste planta jada ez dela beharrezkoa.