Danbor hotsek festari aurre hartu zioten

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 22a

San Sebastian eguna genuen asteazkenean, Donostiako egun handia eta jai eguna bertan lan egiten dutenentzat, baita etxeko txikientzat ere.
Horregatik, asteartean Lasarte-Oriako ikastetxeetako danborradek aurre hartu zioten Donostiako festari.
Zumaburu-Sasoeta ikastetxean eta Landaberri ikastolan, 16:00ak aldera, Donostiako Martxa, Tatiago edo Iriarena ziren entzundako doinuetako batzuk eta honekin batera, noski, danborren barrunba.
Guztiak dotore, norberak egindako jantziarekin eta danborra soinean zutela, gurasoei azken aste hauetan ikasitakoa erakusteko irrikitan zeuden etxeko txiki, zein gaztetxoak.
Sarriegiren doinuak entzungai jarri eta danbor nagusiek ezartzen zuen erritmora egokituz, trebeziaz jo zituzten guztiek danborrak.
Baina festak hasi baino ez dira egin. Izan ere, Donostiako martxak dioen bezala, donostiarrei oihu egitera gatoz, poz handiz, inauteriak datoz.