Martinez judoko Euskadiko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 22a

LOKEko judokek ez dute atsedenik hartzen, urtarrilaren 9an, Gasteizen kadete mailako Euskadiko txapelketan lehiatu ziren eta lehengo asteburuan, berriz, Gipuzkoako junior txapelketan Lezon.
Bi txapelketetan emaitza onak lortu zituzten Gorka Aristegiren mutilek, Euskadiko txapeldun bat eta zilarrezko hiru domina eta Gipuzkoako bi txapeldun eta brontzezko domina bat.

Euskadiko txapelketa

Esteban Martinez, Josu Olmo, Mario Garrido eta Abayuba Gutierrez izan ziren kadete mailako Euskadiko txapelketan parte hartu zuten LOKEko judokak.
Eta guztietatik, Esteban Martinez dugu 55 kilo azpiko kadete mailako txapeldun berria. Estebanek hiru konbate irabazi eta gero eskuratu zuen txapela, baita Salamancan maiatzaren 1ean jokatzen den Espainiako txapelketarako txartela ere.
Bestalde, Josu, Mario eta Abayubak bakoitza bere mailetan, bigarren bukatu zuten oso txapelketa ona eginez.
Eta dominaz gain, hiru gazte hauek otsailaren 28an Madrilen izango den Espainiako Openerako sailkapena ere lortu zuten.

Gipuzkoako txapelketa

Era beran, lehengo asteko, Gipuzkoako txapelketan, Gorka Aristegiren mutilek primerako emaitzak lortu zituzten. Bi txapeldun, Iñaki Elizalde 100 kilo azpiko mailan eta Leire Zubizarreta 70 kilo azpiko mailan eta brontzezko bat, Esteban Martinez.
Bestalde, Mario Garcia eta Asier Sagasti lasarteoriatarrek bosgarren postua eskuratu zuten bere mailetan.
Gorka Aristegi entrenatzaileak aipatu digunez, emaitzak orokorrean oso onak izan dira, "Mario eta Asierrek nahiz eta domina ez lortu, oso txapelketa ona egin dute. Eta Iñaki eta Leirek arazorik gabe irabazi dute."
Baina lanean jarraitu behar dute. Asteburu honetan, sanbo eta borrokako Euskadiko txapelketa dute Donostian eta hurrengoan, junior mailako Euskadiko txapelketa eta 23 urte azpiko Gipuzkoako txapelketa Lezon.