www.tokikom.com Herriz herriko hedabide irakurrienak, interneten, web orrialde bakarrean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 22a

Joan den abenduaz geroztik. Euskal Herriko herriz herriko aldizkari eta egunkari irakurrienek web orrialde berri bat sortu dute: www.tokikom.com. Topagunea euskara elkarteen federazioko kide diren hedabideak dira, urteetako esperientzia eta lanari esker, bakoitza bere eremuan lider izatera iritsi direnak. Tartean dago Txintxarri.

Herriz herriko hedabide irakurrienak, interneten, web orrialde bakarreanGuztira 20 hedabidek sortu dute www.tokikom.com, aldizkari eta egunkari. Herri edo eskualdeetako hedabideak dira, eta denen artean, 220.000 irakurle dituzte.
Tokian tokiko 20 hedabide irakurrienek, bat egin, eta interneten orrialde berria sortu dute, www.tokikom.com. Web orrialde horretan, irakurleak herriz herriko informazioa irakurriko du; informazio osoa eta momentukoa, herri horietako aldizkari eta egunkariek ematen dutena.
Web orrialde berri hau sortu dutenak dira, Tokikom taldea osatzen duten hedabideak (tartean, Hernaniko Kronika*). Denak euskerazko hedabideak dira, eta Topagunea euskara elkarteen federazioko kide dira guztiak.

Antzeko 20 hedabide

Tokikom.com 20 hedabideren artean sortu dute, eta laster gehiago izatea espero dute, Topaguneako hedabide guztiak ez baitaude, oraindik, orrialde honetan.
Aldizkari eta egunkari hauek badituzte ezaugarri jakin batzuk: informazio lokala edo bailarakoa eskaintzen dute, euskaraz, modu errazean, eta berak dira irakurrienak, norbere eremuan. Irakurle gehienen onarpena dute, herrian erabat txertatuak daude, eta hala diote azken urteetan egin diren azterketa guztiek (Aztiker, Ikertalde, CIES...).
Alderdi eta erakundeen babesa daukate, informazio erabat plurala eskaintzen dutelako, eta euskerazko hedabideak izanagatik, erdal komunitateak ere irakurtzen du (zenbait etxetan sartzen den euskerazko produktu bakarra dira, hedabideok).

Herrietako berri, momentuan

Tokikom web guneak, herriz-herriko informazioa du oinarri. Hedabideek euren web orrialdeetan publikatzen dituzten albisteak, momentu berean argiratuko dira www.tokikom.com helbidean. Horrela, web orrialdera sartzen den irakurleak, berari interesatzen zaion herri edo eskualdeko informazio eguneratua izango du, eskuragai.

Tokikom.com, beste web-etan

Tokikom web orrialdean argitaratzen den guztiak, bestalde, tokian-tokiko hedabideen web orrialdeetan ere bere lekua izango du.
Horretarako, hedabide horiek web orrian atal bat izango dute, Tokikom.com izenekoa, eta bertan, automatikoki eguneratuko da Tokikom.com-eko informazioa.

Publizitate bateratua:
220.000 irakurleko merkatua

Tokikomeko aldizkari eta egunkariek publizitate merkatu haundia daukate, eta euren tokian tokiko informazioa, tarifak, eta baldintzak, web orrialde berrian izango dituzte, bezeroaren eskura. Horrez gain, publizitate eskaintza bateratua ere eskainiko da.
Guztira 220.000 irakurle dituzte hedabideok, oso interesgarria eta eraginkorra izan daitekeen merkatua, herri edo eskualde jakin batetik urrunago iritsi nahi duen edozein bezerorentzat.

Komunikabideak ezagutu

Tokikom.com helbidera sartzen denak aukera dauka hedabide bakoitzari buruzko informazioa lortzeko.
Horretarako nahikoa du, berak nahi duen herri edo eskualdearen gainean klik egitea, eta hedabideari buruzko informazioa jasoko du: datuak, kontaktuak, harremana...