Ahots zurien abesbatza Brigidetan

Txintxarri 2010eko urtarrilaren 25a

V. Musika Topaketen barruan, Náyade abesbatzak kontzertua eskainiko du ostiralean, arratsaldeko 19:30ean, Brigitarren komentuan.
Errepertorio zabal eta anitza duen ahots zurien abesbatza hau 1997an sortu zen. Abesbatzaren sorreran Pili Anuncibay izan zen zuzendaritzaz arduratu zena, baina duela bi urtetik hona Alaitz Urkia betetzen ditu zuzendari lanak.
Irun eta Hondarribiako 25 eta 35 urte bitarteko 20 emakumek osatzen dute abesbatza. Honela, esperientziadun abeslarien ahotsak, jende berriaren freskotasuna, indarra eta gozatzeko nahiarekin bat egiten dute.
Hamar urte hauetan, kontzertu ugari eskaini ditu eta lehiaketetan ere parte hartu du hainbat sari eskuratuz, hala nola, Zumarragako La Antiguako lehiaketan lehenengo postua 1999. urtean edo bigarrena 2007an.
Ostiraleko kontzertuan ikusiko da, abesbatza honen errepertorioan garai eta estilo ezberdineko eliz musika eta profanoaz gain, folkloreak ere baduela bere lekua, euskaldunak batez ere.
Ahots musika "a capella" entzuteko aukera izango da Brigidetan, baina instrumentuen laguntzaz (piano, organo ganbara orkestra, banda...) ere abesten dute.