Asier Arteaga, Gipuzkoako txapeldun orde

jon-altuna 2010ko urt. 25a, 01:00

Asier Arteaga futbolean eta pilotan ari da, 13 urteko beste gaztetxo asko bezala, batetik Ostadarren eta bestetik Intzan. Geroago bat aukeratu beharko dute, baina oraingoz bi kirolak uztartzen dituzte. Zein duen gustukoen galdetuta pilotaren alde egin zuen Asierrek. Gustatuko litzaioke gerora pilotari izatea bere aita duela urte batzuek izan zen bezala. Juan Mari Arteaga pilotari profesional ohia da gaztetxo hauen prestatzailea, orain, Jesus Presa herrian bizi den bizkaitarrarekin batera.

Abenduan Gipuzkoako pilota txapelketako finala jokatu zuen Asier Arteagak Alde Zaharreko Julen Chiapusoren aurka, baina ez zuen txapela janzterik izan. Orain Mikel Aranguren antiguatarrarekin batera binakako txapelketako lehen fasea gainditu du eta berriz txapela eskuratzen saiatuko da.
Intza Kirol Elkarteko Asier Arteagak oso gertu izan zuen txapela Zestoan jokatu zen finalean baina berdinketa hausteko hirugarren norgehiagokan galdu zituen aukerak, saketik lauko marra bi aldiz pasa eta gero.
Infantil mailako txapelketa modu berri batean jokatu da lau koadroen barruan. Lehen jokoan sakeak Chiapusok zituen eta 8-3 nagusitu zen. Bigarrena Arteagak irabazi zuen 7-8 eta berdinketa hausteko jokoan 4-1 nagusitu zen donostiarra.

Arteaga eta Presa

Juan Mari Arteagak eta Jesus Presak gutxi gorabehera 30 bat haur prestatzen dituzte pilotari izateko. Arteagak azaldu digunez, astean egun batean Villa Mirentxuko trinketean aritzen dira eta beste egun batean Michelingo frontoian: "Lehen trinketea geldi xamar zegoen, eta bizi piskat ematea pentsatu genuen, orduan asteartetan trinketean aritzen dira eta ostegunetan frontoian edo alderantziz. Trinketeko postura ondo etortzen da, Irujo bera ere trinketean ibilia da, iparraldekoak ere bai. Postura askotan sartu behar izaten dute teilatuarengatik eta ikasteko ondo datorkie.”
Zazpi zortzi urterekin hasi eta 12 urtetik aurrera Gipuzkoako txapelketa jokatzen dute infantil eta alebin mailetan. Aurten sistema berria erabili dute, lau koadro barruan, bi partidu zortzira, lehenengo batek sake guztiak dituela eta gero besteak. Bakoitzak partidu bana irabazi eta berdinketarik bada hau hausteko lau tantora jokatzen da beste bat sakea txandaka dutela, partidu normal batean bezala. Juan Mari Arteagak esan digu finalean urduri xamar izan zela Asier semea eta ez zuela irabazterik izan.
Arteagaren ustez ondo dago aldaketa, "8ra dira partiduak baina gorriak ikusten dituzte irabazteko. Pilota mistoa erabiltzen dute, ez gogorra ez goxoa. Min gehiegi ere ez dute egiten sakearekin, baina iniziatiba horrek dauka, sakea daukanak, eta besteari kosta egiten zaio irabaztea. Lehen adin hauetan gertatzen zen indarra zuen gaztetxoren batek sakea hartuz gero, tanto guztiak egiten zituela: agian pilotan ez zekien asko baina sakeari esker 16-0, edo 16-1 irabazten zuen. Horregatik aldatu da sistema."
Orain jokoetako batean sakeari erantzutea tokatzen zaie eta ondo datorkie errestatzen, lurretik zutitzen,... ikasteko. "Ondo dago, kontua da kadetetan, segituan, errealitatera itzultzen direla."
Gaztetxo gehienak pilotarekin batera beste kirolen bat ere egiten dute, gehienek futbola, eta beraz hor sortzen dira arazoak, entrenamendu eta partidu guztiak uztartzerakoan. "Pelotan ondo ibiltzen dena futbolean ere ondo ibiltzen da," diosku Arteagak. "Dena den, futbola ondo etortzen zaie han alde fisikoa lantzen dutelako". Pilotan jokatzeko teknika eta posturak erakusten aritzen dira Jesus Presa eta Juan Mari Arteaga baina entrenamendu fisikorik ez dute egiten. Pilotarako ere ondo datozkie beraz futboleko entrenamendu zorrotzak, "20 minutu korrika, gero gerriarentzako ariketak, baloiarekin jolasak,... fisikoki ondo daude."
Gerora erabaki beharko dute bat ala bestea, baina oraingoz bietan ari dira. "larunbat goizetan jokatzen dituzte futbol partiduak eta pelotakoak arratsaldean jarri genituen. Hala ere nabaritzen dute, goizean futbol partidua jokatu eta arratsaldean pelotan jokatzeko nekea daukate askotan."
13-14 urteko pilotariak eskuetan takoak jarrita entrenatzen dute. Juan Mari Arteagak jakinarazi zigunez, "infantiletan pilota mistoarekin jokatzen dute, tako apur bat jarrita minik ez hartzeko. Kadetetan bestela sekulako saltoa dago, jada punpako pilotak erabiltzen dituzte eta.”

Aspaldiko lagunak

Juan Mari Arteaga eta Jesus Presa aspalditik ezagutzen dira. Askotan jokatu zuten elkarren aurka afizionatuak zirenean. Gerora Jesus Lasarte-Oriara etorri da bizitzera eta orain biak dira 8 eta 16 urte bitarteko jokalari gazteen prestatzaile.
Arteagak 15 urte egin zituen profesional. Mara deitzen zioten, Maradonak bezala ile kixkurra zuelako. Afizionatutan dena irabazi zuen, munduko txapelketa izan ezik. 1982an Mexikon iparraldekoen kontra galdu zuten, Errandoneak eta biak. Profesionaletan, binakako txapelketako finalerdi bat jokatu zuen Galarzarekin, Retegi II eta Belokiren aurka. Tolosarekin batera San Mateo sariketa bat irabazi zuen.