“Niretzat autoa droga baten antzekoa da

itxaso-moreno 2010eko urtarrilaren 25a

Iñaki Racamonde, 37 urteko lasarteoriatarra 22 urterekin hasi zen kotxe txapelketetan parte hartzen. Urte askotan aritu eta kirol honetaz gozatu eta gero, aurreko urtean jaso zituen lehenengo fruituak: Euskadiko txapelketan lehenengoa izan zen.

Familian dauzka Iñaki Racamondek bere jarraitzaile sutsuenak. Kotxeen munduarengatik sentitzen duen pasio bera, pasa dio emazteari eta alabari, Iñakiren garaipenak, guztien garaipen bihurtuz.

Noiz hasi zen rally-ekiko zure zaletasuna?
Txiki txikitatik datorkit zaletasuna. Hala ere 22-23 urte bete arte ezin izan nuen kirol honetan barneratu. Oso garestia da, eta gainera denbora ugari eskatzen du. Gehienbat diru beharra duzu. Kirol hau ezin du edozeinek praktikatu, kostu handia du.

Gazte hasi zinen, baina nondik datorkizu zaletasuna?
Nik uste odolean daramadala. Nik beti izan dut kotxeekiko zaletasuna.
Adibidez futbola, kirolik zabalduena, ez zait batere gustatzen. Beti ni izan naiz pizti arraroa lagun Koadrilan. Buruan beti kotxeak eta kotxeak izan ditut nik. Rallyak, igoerak, inguruan zegoen oro ikustera joaten nintzen txikitan anaiarekin. Kotxe tailerrak ere sarri bisitatzen nituen kotxeak ezagutzeko, nola konpontzen ziren ikustera joaten nintzen, nire jolasaldia izaten zen.

Ba al duzu zuren familian aurrekaririk?
Nire anaiari ere pilo bat gustatzen zaio. Baina nire aita eta amari aldiz, batere, alergia diote. Batez ere nire amak ez du kotxeetaz ezer jakin nahi.

Erabiltzen diren kotxeak ohikoak dira?
Ez, prestaturikoak dira. Serieko kotxeak dira, eta jada badaude erabiliko diren baldintzetara egokitua.

Nola bizi zenituen hastapenak?
Nire betiko ilusioa kotxe karrera bat izatea zen eta azkenean, lortu nuen. Nituen aurrezki guztiak horretara bideratu nituen. Kotxe bat erosteko lan egin nuen. Nire soldataren zati bat gordetzen nuen, etxean enteratu ez zitezen. Dena sekretupean neraman, aipatu dudan bezala amari ez baitzitzaion batere gustatzen mundu hori.

Nolakoa izan zen zure lehenengo esperientzia?
Ford fiesta bat erosi nuen, Soriara joan nintzen bila, ekarri eta handik gutxira, hain juxtu aste batera, lehenengo karrera izan nuen, Slalom proba bat. Izugarria izan zen, ez nekien ondo nondik nenbilen, galduta nengoen. Estres asko nuen gainean, ondo egin nahi hori, jendearen aurreko lehenengo karrera izanik. Izan ere, azkenean ez zaude bakarrik, jende ugari duzu inguruan begira, entzuten dituzu eta sentitzen dituzu. Barakaldon izan zen lehen Slaloma, eta lehenengo igoera Jaizkibelen, urte berean, pozaldi ikaragarria eman zidana. Oraindik ez nuen sinesten, nire ilusioa egia zen azkenean. Gero, gehiago nahi duzu. Kotxea txikia geratu zitzaidan eta aldatu egin behar.

Komentatu duzu garestia dela kirol hau, nola lortzen da behar den dirua?
Lagunengana jo beharra dago. Laguntza gehiena beraiek eskaintzen dizute. Bakoitzak ahal duenaren neurrian laguntzen dizu. Behar beharrezkoa da, babesleak dira. Nire koinata karrozeria-konpontzailea da, bakoitzak ahal duena eskaintzen dizu.

Hasieran diru laguntza eske lagunengana jo zenuen, ba al duzu orain babeslerik?
Horretan gaude. Aurreko urtean ez nuen laguntza askorik izan. Presaka ibili nintzen kotxea ondo jartzen, dena gaizki ateratzen zitzaidan, aldrebes, eta ez nuen babesleak bilatzeko denborarik izan. Lehendabiziko gauza kotxea prestatu eta martxan jartzea da. Lagunek lagundu zidaten, baina diru gehiena nik jarri nuen. Kirol honetan dirua da guztia.

Zuk finantzatuta, baina garaile atera zinen?
Bai, aurreko urtean Euskadiko txapelketan lehenengo geratu nintzen Klase-1 kategorian, 1.400 zentimetro kubiko sailean. Nire lehen garaipen garrantzitsua izan da. Urte asko daramazkit hor borrokan eta azkenean pasa den urtean ahaleginek fruitua eman zuten. Ikaragarria izan zen.

Bakarkako kirola da, ezta?
Bai, zuk bakarrik gidatzen duzulako, baina kotxe honekin parte hartu ahal izatea pertsona askoren lanari esker lortu dut. Dirua ematen dizuten babesleak, torlojoak estutzen dizkizuten anaiak, zerbait apurtu eta aldatzen laguntzen dizuten lagunak... Bakarrik egongo banintz ez nuke ezer lortuko. Laguntzarik gabe, ez dago garaipenik.

Momentu hauetan mendi igoerak egiten dituzu, baina rallytan ere ibili zara, zer nahiago?
Rallyak nahiago. Bide-tarte handiagoa dago; igoerak, jaitsierak, denetarik duzu. Baina denbora eta diru gehiago eskatzen du eta matxurak ere handitu egiten dira.

Zer dira zuretzako rallyak?
Adrenalina igoera. Bete egiten naute. Niretzako deskarga bide bat da. Adibidez, lanetik natorrenean, nekatuta, kotxea hartu, igoera bat egin, eta berpiztuta jaisten naiz. Droga baten antzera jokatzen du niretzat. Batzuk baloia hartu, edota korrika egitera joaten dira, ni kotxea hartu eta gozatzera.

Maiatzean hasiko da denboraldia, zer espero duzu?
Oñatin izango da lehenengo proba maiatzaren 1ean. Gogo handia dut hasteko. Gainera aurten, babesleak lortuz gero, Euskadiko txapelketatik aparte, beste proba batzuetan parte hartzea gustatuko litzaidake.

Urte asko geratzen zaizkizu oraindik?
Ahal dudan arte behintzat segituko dut. 2009an lortutakoa ez nuen espero, orain gazteria indartsu baitator. Momentuz, mendiko igoeretara joaten direnak hor ikusiko naute.