"Hausturatik elkarrizketa bidera egin dugu salto"

itxaso-moreno 2010eko urtarrilaren 25a

Jose Ignacio Munilla, Donostiako gotzain berria izendatzearen kontra agertu eta manifestu bat sinatu du Xabier Andonegi, San Pedro Parrokiako apaizak, Gipuzkoako beste apaiz askok bezala. Gotzain berriaren etorrerak iskanbila sortu du gizartean, Uriarteren garaian lortutakoak galduko direnaren beldur. Munillak behin kargu hartuta badirudi, egoera baretzen ari dela eta elkarrizketa bidera egin duela salto. Gu Andonegirekin izan gara honetaz guztiaz.

Zerk sortu zuen Munillaren izendapenaren inguruan ezinegona?
Gutun bat bidali genuen medio guztietara Munillaren izendapenaren inguruan gure kontrakotasuna agertzeko. Bi arrazoi nagusi genituen, alde batetik, aukeraketa bera egiteko sistema, isilpean. Bestetik, Munilla bera, bere pertsona. Euskalduna izanik erabaki hoberena ematen zuen, baina lehendik, Zumarragan egindako lana eta gauzengatik ezagutzen genuenez erabakia ez zitzaigun batere gustatu. Elizatik eta gizartetik aparte lan egiten zuen berak, atxikimendurik ez zuen nolabait esateko. Beraz, Munilla ez zen Gipuzkoako gotzaina izateko pertsonarik aproposena.

Zergatik erabaki zenuten zuen desadostasuna publiko egitea?
Kriterio bat erabili genuen: 50 apaizek eskutitza sinatzen bazuten, publiko egiteko gauza zela iruditu zitzaigun. Azkenean, 80ek eman zuten bere sinadura, eta beraz, ezagutu beharreko albistea zela ikusi genuen. Erromara eta Munilla berari bidali genion, eta badakigu min asko egin geniela, baina gure desadostasunaren berri ematea genuen helburu. Arazoa ez zen ideologikoa, bestela, ziur naiz askoz gutxiagok sinatuko genuela. Arazoa hemengo sistema, modua, bideak eta borondateak ez errespetatzean zegoen.

Ateratako idatziak desadostasuna agertzeaz gain, beste zein helburu zuen?
Gotzain berriaren eta jada Gipuzkoan ginen apaizen artean sintonia eza nabaria zen, beraz, eskutitz honen bitartez erakutsi nahi genion orain arteko funtzionamendu ona mantentzeko elkarrekin egin behar genuela lan. Gauzak elkarrekin adosten ez baditugu, ezinezkoa egingo zaigu jarraitzea; bestela, bere esku utziko genituzke eta gainerakoak erretiratu egingo ginateke.
Presioa egitea geneukan azken helburu. Gotzaina bera da, baina apaizekin egin behar du lan nahita nahiez. Azken urtetan sortutako talde, elkarte eta jendearekin egin beharko du lan, eta konturatzeko modu bat da hau. Bi aukera ematen genizkion, dimititu edo elkarrekin lan egitea. Gauzak adostu beharko dira, eta ez da erreza izango, badakigu bidea luzea izango dela.

Uriarteren ekarpenaz hitz egiten duzue eta hori galtzearen beldurraz...
Gauzak ondo ulertu behar ditugu. Badaude elizaren barruko antolamenduari buruzko ekarpenak, oso inportanteak eta jende gutxik ezagutzen dituenak; eta gero elizak gizarte edo kultura mailan dituen iniziatibak. Hau guztia ulertu behar da, gure bidea, eta Munillak jarraitzen duen bide tradizionala ondo ulertzeko.

Zertan datza barruko antolamendu horrek?
Estruktura berriak sortzen ari gara. Gero eta apaiz gutxiago eta adin gehiagorekin gaude, lehen elizaren mundua apaizgoaren esku zegoen soilik. Momentu hauetan, estruktura parte-hartzailea da, gizartea eliz mundura hurbilduz, laikoak deitzen ditugunak, apaizak ez direnak, elizan esku hartuz eta erantzukizunak izanaz, eta gainera, gotzainaren izendapena dutelarik. Elizaren gauzak eta dinamikak, tailerrak... aurrera eramaten dituzte. Munillaren bidea aldiz, antzinakoa dugu, eta hauek elizan dauden eginbeharrak apaizen esku soilik uzteko aldarrikatzen dute. Eta hor dago gakoa, Gipuzkoan lortu dugun estruktura parte-hartzaile hori desagerrarazteari diogu beldurra.

Zein da zuen beste beldurra?
Setienen garaitik datorren erabaki bat da, elizak euskal kulturan, gizartean jokatu behar duen papera. Aukeraketa batzuk egin ziren eginkizun sozialak areagotzeko. Elizaren estrukturaren barruan dagoen Caritas elkartearen bidez lehen jendeari dirua ematen zitzaion, karitatea. Egun, Caritasen bitartez garapen eta kooperazio proiektuak bultzatzen dira. Halaber, hainbat aterpe, ekintza sozial eta talde sortu dira bergizarteratzeko. Caritasen bitartez, elizak gizartean egon nahi du, beste gizarte indarrekin, instituzioak iristen ez diren lekura ailegatzeko. Honen bitartez, erakutsi nahi da bazterturik dagoen jende horrekin gauza asko egin daitezkeela dirua eman beharrean. Azken finean, pertsona hauek laguntza eta aukerak eskaintzea gizarteratzeko. Guk, munduratu nahi dugu, egungo gizartera hurbildu, eta ez antzinako Caritas limosnerora bueltatu.

Munillaren kargu hartzea eta gero, badirudi gauzak baretzen hasi direla, ezta?
Hori ematen du. Pasa den astelehenean, Munilla artziprestaldearekin bildu zen eta bertan esan zien, nahiz eta 16 urte igaro dituen Gipuzkoan apaiz, harrituta geratu dela hemengo eliza zeinen aberatsa den konturatzean. Bere apaiz denboran oso isolatuta bizi izan zen, Gipuzkoako eliza ez zuen batere ezagutu. Beraz, normala da erakutsi duen harridura, hainbeste jende kargudun, liberatu seglar, talde daudela ikusi duenean, baita ditugun estruktura eta organizazioetaz jabetzean. Zumarragan igarotako denboran elizaren estrukturatik kanpo bizi izan zen, hemengo mugimenduaz jabetu gabe, eta orain Gipuzkoako apaiz gehienak bere izendapenaren kontra azaldu eta gero, oso bakarrik sentitu zela adierazi zien. Artziprestaldeak argi utzi zuen, orain bera gotzain moduan bueltatu den arren, ez dutela urte hauetan lortutako ekarpen guztiak hankaz gora jarriko, elkarrekin egin behar dugula lan.

Kargua hartu eta bere lehenengo erreakzioa ikusita, uste ahal duzue aurreratu zinetela manifestua ateratzerako orduan?
Hori posiblea izango litzateke aurretik ezagutu ez bagenu. Ezagutzen genuen bere jokabidea apaiz ibilitako denboraldian, eta hori orain gotzain zela ez inposatzeko izan zen gure erreakzioa. Gipuzkoako elizatik aparte bizi zen, boikot egin gintuen gauza askotan... beraz bere izendatzearen erabakia ikusita, ona etorrita gure lorpenak onartzea besterik ez zuela erakutsi nahi genion. Ez ginen guk urte hauetan landutakoak galtzeko prest. Azken finean, ezagutzen genuenez, eta elkarrizketa bidera jo nahi genuenez beharrezkoa ikusten genuen argitaratutakoa iritzi publikora plazaratzera.

Munilla bakarrik sentitu da eta horrek aldaketa eragin du beragan, elkar aditzeko bidea irekiz...
Aldaketa ugari eman dira Munilla gotzain karguan sartu denetik. Hasiera honetan badirudi aldaketa gutxi egongo dela orain arte ezagutu dugun Gipuzkoako eliza ereduan, hala ere gero ikusi beharko da, baina momentuz aurrera pausuak eta elkar ulermenerako bidea ireki da.

Ze aldaketa motak ikusi dituzue orain arte Munillan?
Hasieratik esan digu momentu hauetan ardura banaketan dauden pertsonak beraien kargutan jarraituko dutela, ez duela jenderik kenduko, ez duela kanpoko jendea, bere taldekoa, ekarriko. Momentu hauetan zuzendari-arduradun daudenak beraien egin beharretan jarraituko dute. Gainera, Uriarterekin zegoen eliza-programak, ekintza nagusiak aurrera eramaten jarraituko dugula adierazi zigun, markatuta zeuden lehentasunak mantenduz.

Zeintzuk dira markatuta dauden lehentasun horiek?
Zazpi lehentasun markatu genituen gure elizbarrutian. Lehenengoz, haur katekesia zabaltzea eta hobetzea familiaren eta parrokiaren arteko lankidetza estuan. Bigarrenik, Bibliaren irakurketa fedearen ikuspegitik egiten ari diren taldeak ugaritzea. Hirugarrenik, laikoen oinarrizko eta berariazko prestakuntza bermatzea. Laugarrenik, apaizik ez deneko igandearen ospakizunak sendotzea eta hobetzea. Bosgarrenik, sozio-karitatezko ekintza suspertzea krisi ekonomikoan. Seigarrenik, familia Pastoraltza egituratzea eta sustatzea. Eta azkenik, sortze-aldi aurreratuan dauden pastoral barrutiak eratzea. Gainera bera kontu hauetan ez dela sartuko adierazi zigun, guzti hauen ardurak artzipresteen esku utziko dituela gaineratuz. Eta hau oso esanguratsua iruditu zaigu.

Zer dela eta uste duzue gertatu dela aldaketa hau?
Egin diogun presioarengatik izan dela uste dugu, gainera ondo atera zaigu, izan ere, ez genuen pentsatzen Munillak elkarrizketa bidea hartzea lortuko genuenik. Beste talde batek uste du Munillaren aldaketa hau bere estrategia besterik ez dela, eta gero bere bidea inposatuko digula. Agian irakurketa hori ere zilegizkoa da, baina guk uste dugu Munillaren aldez aurretiko jarrera horri konfidantza eman behar zaiola. Postura ona hartu du eta hori ezagutzera eman behar da. Oso aldaketa positiboa da, hurbilketarako bidea hartu du.

Nola garatuko du hurbilketa hori?
Munillak apaiz guztiekin egoteko konpromisoa hartu du. Guk, hilero bilera bat egiten dugu, eta hauetara bertaratuko dela esan du. Bertan bere gauzak azaltzeaz gain, gureak ere entzungo dituela aipatu digu, barneratuko dela gure elizan. Baikor eta ondo baloratzen dugu hartutako postura. Bere lurreratze iskanbilatsuaren ondoren, badirudi prest dagoela gurekin lanean jartzeko, sakontzeko eta ezagutzeko.

Bikarioaren aukeraketa ereduaren susmoa, susmoan geratuko da azkenean?
Bikarioa, gotzainaren ordezkoa da, eta normalean Gipuzkoan lanean diharduen apaiz bat izaten da. Hasieran, kanpotik, bere lagunen bat ezarriko zuela uste genuen, orain arte erabilitako eredua alboratuz. Normalean hauteskunde bidez aukeratzen dugu, apaiz bakoitzak, lehentasunen arabera hiru izen ematen zizkion gotzainari, eta izendatuen artean aukeratzen zen. Eta azkenean, jakinarazi zigun, ohiko eredua jarraiki erabakiko dela bere ordezkaria. Gure susmoa onargarria dela uste dut, are eta gehiago bere izendapena nolakoa izan den ikusita.
Hausturarako gauza asko zeuden, baita beldurrak ere, baina kontent gaude Munillak elkarrizketarako bidea hartu duela ikusita. Gauzak bide onetik doaz, eta horrela jarraitu dezan espero dugu. Momentuz gauzak orain arte ezagutu dugunaren tankeran jarraituko dute.