Barbo arrain ugari hilik agertu dira Oria ibaian

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urtarrilaren 26a

Eguzki talde ekologistak Oria ibaian hainbat barbo arrain ur gainean hilik agertu direla jakinarazi du eta zenbait argazki bidali ditu Txintxarriren bulegora. Hain juxtu Aliriko zubi parean aurkitu dituzte barboak ibai bazterrean.
Eguzkiko partaideek argazkiekin batera bidalitako testuan talde ekologistak aurreko astean Urnietan izan zen istripu eta lixiba isurketarekin lotzen du arrainen agerpena. Argazkietan ikusi daitekeenez arrain handiak dira. Honela dio Eguzkik “Barbo ugari hilik Orian” izenburua duen testuan: Barbo ugari hilik ikus daitezke Oria ibaian, Aliriko zubi parean. Arrain handiak dira, berrogei eta berrogeita hamar zentimetro bitartekoak. EGUZKIkook argazki batzuk atera eta atxikita bidaltzen dizkuegu.
Ez da guztiz segurua, baina, itxura guztien arabera, hilketa hau lotuta dago astelehenean Urnietan izan zen istripuarekin. Produktu arriskutsuak garraiatzen zituen kamioi batek beste baten kontra jo eta, horren ondorioz, 10.000 litro lixiba isuri ziren. Horietatik asko Akan errekara joan ziren, Urumea bailarara, alegia. Beste batzuk, berriz, Ziako errekara, hau da, Oria bailarara. Bazirudien isuri kutsakorraren eragin nabarmenena Urumeakoan gertatuko zela, baina, antza denez, Orian ere uste baino kalte handiagoa izan da.