Ondoko herrietan bai
Idatzian auzo elkarteek salatzen dutenez harrituta daude Lasarte-Oriatik ez delako Ospitaletara autobusik jarri, beste herri batzuetan bezala: "Asko poztu gara Buruntzaldeko zenbait herrietako bizilagunek Ospitaletara autobus zerbitzua izango dutela eta Bidasoa zein Urola erdia eskualdetatik ere antzeko zerbitzua jartzeko asmoa dagoela jakitean. Baina harrituta gaude, Lasarte-Oriatik, 18.000 baino biztanle gehiago dituen eta Ospitaletatik 6 kilometrora dagoen herritik aukera berdinik ez dagoelako. Beraz, behar den denbora eta kilometroak bi aldiz egiten segi beharko dugu derrigorrez, eta sarri bi garraiobide desberdin erabiliz gainera, horrek sortzen dituen ondorio eta eragozpenak pairatuz, alferrikako joan-etorriak, ke-isurketen gorakada, ibilgailu pribatuen gehiegizko erabilera, toki publikoen okupatzea, eta abar. Jakina da inork nahi ez dituen eta behar ez diren ekonomi-gastuak eragingo dituela horrek gainera".
Hirugarren puntuan Foru Aldundiaren jokabidea zuzenean kritikatzen dute lasarteoriatarrek, "gure harridura handiagoa da garraiobideen etorkizuneko hobekuntzetaz mintzatzen direnean ez delako Diputazioan 2007ko otsailean elkarrekin aurkeztu, aztertu eta adostu genuen proposamena aipatzen". Horregatik lehenbailehen gai hau jorratzeko premiazko bilera egiteko eskatzen diote Arantxa Tapiari Lasarte-Oriako auzo elkarteek.