Ikastaroak arrakasta handia izan zuen. Antolatzaileen hitzetan, “azpimarragarria da herritar ugari bildu direla eta adin guztietakoak gainera”.
Ukenduak
Gehiena erabili eta entzutetsuenak diren belarrei buruzko azalpen batzukin hasi zen ikastaroa. Irakasleek eramandako landareak aztertu eta ukenduak egiteko prozesu osoa ikusi ahal izan zuten. Izan ere, Pilar Eizmendi eta Kontxi Amenabarrek ukendu bana egin baitzuten, intsusa eta aloe vera landareekin.
Bi ukendu hauek azalarekin zer ikusia duten gaitzak desagertarazteko balio dute eta egiteko errazak dira.
Pilarrek, esate baterako, ikastaro aurretik lan egin behar izan zuen, intsusa oliotan egosiz. Izan ere, belar honek denbora egon behar du oliotan, bi ordu gutxi gorabehera.
Guztiek parte hartu
Hala ere, irakasleak ez ezik, ikasleek ere parte hartu zuten, batzuk aloea garbitu eta barruko gelatina atera zioten, besteek argizaria txikitu zuten...
Sukaldeak akelarrea zirudien, guztiak lapiko baten inguruan, landareak oliotan egosten edo argizaria urtzen eta, hori guztia, antzinatik erabili diren sendabelarrei buruz hitz egiten.
Ikastaroaren amaieran, ukenduak etxera eramateko aukera izan zuten guztiek.
Ezagutza partekatu
Ikastaroak landare edo belarrak ezagutzeko balio bazuen ere, bakoitzak zuen ezaguera partekatzeko era bat ere izan zen.
“Interesa azaldu zuten guztiek eta haiek ezagutzen zituzten belarrei buruz hitz egin zuten ere. Aberasgarria izan zen” azaldu digute antolatzaileek.
Honetaz gain, sendabelarrei buruzko beste ikastaro bat antolatzeko prest agertu dira antolatzaileak.
“Herritarrek mundu honi buruz gehiago jakiteko asmoa agertu zuten eta etorkizunean beste ikastaro bat prestatzeko ahaleginak egingo ditugu,” azaldu dute.