Desastre baten ondorioa
Oinatzekoek jakin zutenez, “kotxe aparkaleku bat izan behar zuena, Artium Museoan bilakatu zen azkenean", lanak hasi zituen enpresak porrot egin eta Gasteizko udalak orubea erosi eta gero. Horrela, Arabako diputazioak dituen hiru mila inguru arte laneko bildumari irteera bat emateko bidea izan zen, eta baita ikusleek euretaz gozatzeko aukera paregabea ere. "Gida baten laguntzaz museo honetako arte lan bitxiak ulertu eta euretaz disfrutatzeko aukera izan genuen".
Oinatzekoek besteak beste erakusketa iraunkorra bisitatu eta denborari buruzko arte lanak ikusi zituzten Artiumen: "sarreran lanpara modukoa ikusi genuen, 15.000 piezekin. Mekanismo baten bidez haizeak mugiaraztean ateratako soinua irudikatzen du". Ordu betez Artiumek ezkutatzen dituen artelanetan murgiltzeko aukera izan zuten Oinatzeko kideek.
Hiria ezagutzen
Irteera guztietan egiten den bezala, oraingoan ere, Oinatzeko kide batzuek Gasteizi buruzko datu historikoak eskaini zizkieten beste taldekideei. Alde Zaharra eta Matxete plaza bisitatu zituzten, eta urtero Zeledonek egiten duen jaitsiera ibilbidea gertutik ikusi zuten. Han bertan, Andra Mari Zuriaren plazan energiak berreskuratu, eta ondoren, kafea hartzera abiatu ziren, Oinatzeko kide batek bere ikasle garaian ezagututako taberna batera.
Katedralean barre algarak
Barre algarekin ekin zioten katedraleko bisitari, "dutxarako antzeko txapel bat jantzi behar izan genuen, eta gainean kaskoa katedralera sartu baino lehen". Edozein istriputatik babesteko janzkera eta kaskoak, barre algara ugari eragin eta argazkien flashak dantzan jarri zituen.
Gasteiz nola sortu zen ezagutu ondoren katedralari buruzko argibideak jaso zituzten Oinatzeko kideek "arkitekturari buruzko hiztegi luzea ikasi genuen, historia handiko katedrala da". Zutabeak mugituak daude, arkuak deformatuak, bisita luzea eta "interesgarria” izan zen, Oinatzekoen iritziz: “gainera zintzo portatuz gero amaieran txokolatina bat ematen dizute, eta guk lortu genuen”.
Gasteizko historiaz jantzita bueltatu ziren herrira Oinatz taldekoak, "kantu zaharrak kantatuz, poz-pozik iritsi ginen etxera".
Egun pasa interesgarria egin eta gero, orain hurrengo irteeraren zain daude Oinatzekoak. Martxoan, Goierri aldera joko dute ziurrenik, Segura, Zerain... ingurura.