Hi(e)zkuntza

taxio-arrizabalaga 2010eko urtarrilaren 29a

Euskara, beti izan da nire hizkuntza, nire ama-hizkuntza, maite eta baloratzen dudana, eta nire zatitzat ulertzen dudana, euskaldun askoren moduan. Hezkuntza ere, euskaraz, ikastolan jasotakoa naiz. Jende ugarik, horrelako aukerarik izan ez badu ere, haien kabuz, beranduago, lortu dute hizkuntza ikastea, eta hau, haiena den zerbait bezala sentitzea, eta maitatzea.
Noski, bada gure gizartean euskaraz mintzo ez denik ere. Eta baita euskara jakin, baina hau tresna soiltzat, titulaziotzat, ulertzen duen jendea ere. Hiru talde hauen arteko aurkaritzatik, arazo ezberdinak sortu daitezke hizkuntzaren arloan, hala nola, nortasun arazoak, kulturalak edota politikoak (hizkuntza bat politika izatera heldu badaiteke behintzat), beste askoren artean.
Gaur egun, askok eta askok, hezkuntza, maite dugun euskara horretan jasotzea erabaki dugu, hau, bermaturik beharko genukeen eskubidea dela gutxik eztabaidatuko luketen zerbait delarik (nahiz egon, baden saiatzen denik). Baina berme hau sarritan kolokan geratu ohi da, aipatutako hizkuntza arazoak, batzuetan, testuinguru honetara ere heldu baitaitezke (hitza irakaskuntzaren oinarri izanik). Hezkuntza kalitate arazoak sortzen dira horrela ikasle edo irakasleen aldetik, nahiz kaltetua beti berdina izan: euskara.
Beraz, lan asko egin beharra dago oraindik gure hizkuntza eta hezkuntzaren arteko behin-betiko integrazio eta normalizazio prozesuan, nahiz, nik, pertsonalki, nahiago dudan ezinezkorik ez dela pentsatu.