Lasarte-Oriako Misio taldeak ere bere harri-koskorra jarri nahi du eta horretarako larunbatean, urtarrilaren 30an, 21:00etan Arantzazuko Amaren eliza azpiko lokalean afari solidarioa antolatu du.
Lortutako dirua elizbarrutiko misio taldeak Haitira bideratuko duela jakin arazi dute, Mesedeetako Amen ordenaren bitartez.
Hausnarketa
Era berean, Haitin egondako Inma Mugerza hidrogeologoaren idazkia helarazi digu taldeak. Honetan, Haiti herri txiroa izateaz gain, herri aurreratuentzat gauza interesgarririk ez duela azpimarratzen du. “Lurrikara bat izan da gure arreta deitu eta Haitira begira jarri gaituena,” dio idazkian.
Nazioarteko erantzuna eta Haitira hurbildu diren ehundaka bolondres, sorospen-talde eta abar ere aipatzen ditu. “Oraindik argi ez balego, Haitiko gertaerak argi utzi du gauzak aldatu daitezkeela eta giltza herri aberatsenen esku dagoela. Gu gara iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko ezberdintasunak txikitzeko gai garenak eta bidea egiten hasi beharko ginateke,” dio Inma Mugerzak.
Eta honela jarraitzen du, “jakin badakigu, Nekazaritza eta Elikadura Mundu Erakundeak dioenez, munduan egunero 25.000 pertsona gosez hiltzen direla, bost urte baino gutxiago duten 6 milioi haur dira urtero hiltzen direnak. Kezkatu egiten nau zerbait egiten hasteko beste lurrikara bat gertatu beharko dela edo tsunami batek herrialde horietako baten kostaldea garbitu beharko duela pentsatzeak.”
Azkenik, zera adierazten du hausnarketa egin dezagun, “Haitiko lurrikara berri-berria da, egun batzuk besterik ez dira igaro. Baina zer gertatuko da albistegietan ateratzeari uzten dionean? Eta gizaldeko laguntza-taldeak haien herrialdeetara bueltatzen direnean? Eta berreraikitze lanak amaitzen direnean? Hausnarketa sakon eta luze bat merezi du honek, baina ez luzeegia, izan ere, denborak txiroenen kontra jokatzen baitu.”