Lokatza artean korrika kanpoko eta etxeko kirolariak

itxaso-moreno 2010eko otsailaren 1a

Goitik behera blai eginda eta lokatzez beteta bukatu zuten Donostiako LV. Nazioarteko Krosean parte hartu zuten kirolariek. Senior mailan neskatan Ukraniako Aniko Kalovics eta mutiletan Eritreako Medhin izan ziren garaileak. Aniko Kalovics-ek garaipena errepikatu du aurten, aurreko urtean ere lehenengo postua amaitu zuen lasterketa.

Goizeko 10:30ean hasita ehundaka kirolari aritu ziren lasterketan Donostiako Hipodromoan. Horietatik lau izan ziren Lasarte-Oriakoak, Guillemo Huguet jubeniletan, Olatz Flores kadeteetan, Pili Bodegas eta Gonzalo Sukunza nagusietan.
Parte hartzaile guztiak bezala, herrikoak gogor lehiatu eta saiatu ziren. Olatz Flores kadete mailan lehenengo postuarekin egin, eta txapela eraman zuen.

Eguraldia protagonista

Euria eta lokatza izan ziren protagonista atzo goiz-eguerdian burutu zen Donostiako Nazioarteko Krosean. Ez zuen ia goiz osoan atertu eta ikusleak tribunatan babestu ziren. Bete egin ziren Lasarte-Oriako hipodromoko eserlekuak eta lokatzetan korrikalariek egindako ahalegin bikainaz gozatzeko aukera izan zuten. Guztira hamaika lasterketa izan ziren eta aurtengo edizioa “gogorragoa” izan dela aho batez aipatzen zuten parte hartzaileek froga amaitzerakoan.
Lokatza ugari zegoen eta kirolarien oinak bertan atera ezinik geratzen ziren. Hala ere, eguraldi txarrak ez zuen atzoko kros zaleen zitaren garrantzia ilundu.

Haurrak zein helduak

Hasteko, proba herrikoia egin zen, ondoren haur eta gaztetxoak aritu ziren eta amaitzeko, bi proba nagusiak, emakumezkoena eta gizonezkoena.

Ugartemendia oroitzen

Txapelketa honen erdialdean Pascual Ugartemendia gogoratu nahi izan zuten, 45 urtetan helmugako epaile izandakoa. Hernaniarra jaiotzez, Aieten bizi baina Lasarte-Oriarekin lortura handia izan zuen beti. Mitxelinen egiten zuen lan eta helmugan hiru aurrenekoak podiumera eramateaz arduratzen zen. Duela urte bete hil egin zen, eta atzo bere senideek, Ugartemendiak egindako lana omendu nahian, antolakuntzatik oroimen plaka bat jaso zuten.

Kalovics

Emakumeen proban hasieratik aurreratu zen Ukraniako Aniko Kalovics eta atzekoak ederki saiatu ziren arren, ez zuten harrapatzerik izan. Bigarrena Tatiana Halovchenko, ukraniarra ere, izan zen eta hirugarrena Rosa Maraton espainiarra.
Emakume Gipuzkoarren artean berriz, Pili Bodegas herritarra hirugarren postuan sartu zen helmugara.

Eritrearrak nagusi

Eliteko proban gazteen nagusitasuna nabarmendu zen. Mutiletan ere oso gazteak izan ziren lehen postuetan.
Hiru beltz izan ziren podiumean: lehenengo postuan Mike Kigen keniatarra, ondoren Samuel Tsegai eritrearra eta hirugarren postuan Amanuel Mesel, eritrearra ere.