Leire Zubizarreta eta Esteban Martinez etorkizun handiko judokak tatamian

Nerea Eizagirre 2010eko otsailaren 1a

Gazteak dira, ez dituzte 18 urte oraindik eta Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapeldunak izan dira. Bere kirolean goi mailara iritsi direla erakusten duen gerriko beltza ere eskuratu dute biek, batek gainera, 15 urte bete zituen egun berean. Foru Aldundiak Kirolari promesa saria eman zien abenduan eta etorkizunean urrezko domina gehiago eskuratzeko aukera dute, atzo junior mailako Euskadiko txapelketan lehiatu ziren, esate baterako. Leire Zubizarreta eta Esteban Martinez judokekin egon ginen solasean entrenamendua hasi baino lehen.

Esteban Martinezek eta Leire Zubizarretak judoa maite dute, ia egunero kiroldegiko tatamian ikus ditzakegu entrenatzen eta horrek bere fruituak ematen ditu, Euskadiko txapeldun izan dira hiru alditan, Leirek gainera asteburu honetan laugarrena eskuratzeko aukera zuen atzo. Eta gainera, iaz gerriko beltza eskuratu zuten biek.
“15 urte betetzen nituen egunean lortu nuen gerriko beltza. Eta oso polita izan zen,” onartu du Estebanek.

Sanboa eta borroka

Baina judoa egitez gain, sanboa eta borroka ere egiten dute LOKEko judokek.
Eta ondoko koadroan argitaratzen dugun bezala, urtarrilaren 24ean sanbo eta borrokako Euskadiko txapelketan parte hartu zuten. Bai Leirek, baita Estebanek ere bere mailako txapeldun izatea lortu zuten sanbon eta Leirek, gainera, borrokako urrezko domina ere ekarri zuen Lasarte-Oriara.
Kirol hauei buruz galdetu eta “guk entrenamenduetan judoa egiten dugu, baina sanboa eta borroka antzeko kirola direnez, kurtsoan zehar azalpen batzuk ematen dizkigute eta lehiaketetara goaz,” erantzun du Leirek.
Estebanek zera azaldu digu, “sanbo eta judoko arauak desberdinak dira, baina teoria berdina da, arerioa lurrera botatzea, beraz ez da zaila. Gainera, jende gutxik egiten duen kirola da.”

Lehiaketaz lehiaketa

Asteburu honetan, berriz, Gorka Aristegiren judokek hainbat lehiaketatan parte hartu dute. Leire eta Estebanek, atzo goizean junior mailako Euskadiko txapelketan lehiatu ziren eta Leire gainera, 23 urte azpiko Gipuzkoako txapelketan ere egon zen arratsaldean.
“Ni juniorretara aurkeztuko naiz, nahiz eta nire maila ez izan. Kategoria horretan proba egin eta maila handiagoko jendearekin lehiatzeko,” azaldu du Estebanek.
Leirek, “ni junior mailan irabaztera noa eta Espainiako txapelketarako txartela eskuratzera. 23 urte azpikoan, aldiz, Estebanen antzera, proba egitera,” adierazi digu.

Maila desberdinetan lehiatu

Irakur daitekeen bezala, maila desberdinetan lehiatzen ohituak daude, LOKEko judokak.
“Goiko mailetan normalean galtzen dugu. Baina esperientzia lortzen duzu, baita aurrera jarraitzeko gogoak ere. Gehiago entrenatu eta haiek menderatzeko gogoa,” adierazi du Estebanek.
“Haiek zu baino esperientzia gehiago dute eta borrokan bazaude ere, gauzak ikasten dituzu,” azaldu du Leirek.

Atzerrian lehiatzen

Esperientzia bila ere, LOKE taldearekin Frantziara joan ohi dira lehiatzera eta zera azaldu digu Estebanek, “Frantzian zail izaten dugu, haiek lurreko teknikak menperatzen dituzte eta oinarekin irabazten ez badiezu jai duzu.”
Leirek honetaz gain, iaz Hondarribiako taldearekin Italiako txapelketa batera joateko aukera izan zuen eta “Italiarrak ere oso sendoak dira. Haiek oineko teknikak eta lurrekoak menperatzen dituzte eta beraz judoka osoagoak dira, frantsesak baino hobeak. Lehiaketa esate baterako italiarrek irabazi zuten,” azaldu digu.

Espainiako txapelketak

Maiatza aldera Judoko Espainiako txapelketak jokatuko dituzte eta martxoan, Sanbo eta borrokakoak.
Judoko txapelketan Estebanek arantza txiki bat du, ez baitu inoiz podiuma lortu, Leirek ordea, iaz brontzezkoa eskuratu zuen.
“Judoko txapelketan podiumean egotea espero dut. Mundialean ibili den lehiakidea izango dugu eta zail izango da hura irabaztea. Beraz, podiuma lortzen badut oso pozik bueltatuko naiz,” aitortu du Estebanek.
“Euskadiko txapelketa eskuratuz gero, Espainiakora podiuma egitera noa, iaz hirugarren geratu nintzen eta ea aurten ere lortzen dudan. Izan ere, maila aldaketa baitago,” aipatu digu Leirek.
Sanboari dagokionez, biek iaz zilarrezko domina eskuratu zuten. Aurten ere, lehenengo hiru postuetako bat eskuratzeko asmoa dutela onartu dute Lasarte-Oriako bi judoka gazte hauek.

Etorkizuna

“Nik jarraitzeko asmoa dut. Nahiz eta nire lehenengo helburua, gerriko beltza, lortu dudana, judoan jarraituko dut entrenatzeak sortzen didan gozamenarengatik eta bertan egin ditudan lagunekin harremanetan jarraitzeko,” onartu du Estebanek etorkizunari buruz galdetzean.
“Baina ikasketetan aurrera egin eta horietarako denbora gehiago behar dudanean, ikusiko dugu,“ gaineratu du Martinezek.
Leire ere Estebanekin bat dator, “hasieran gerriko beltza da eskuratu nahi duzuna, baina gero entrenatzea gustuko duzula ohartzen zara eta honetan jarraitu nahi duzula.”

Emaitza paregabeak Sanbo eta borrokako Euskadiko txapelketan

Urtarrilak 24 igandean, sanbo eta borrokako Euskadiko txapelketan parte hartu zuten LOKEko judokek, maila eta pisu ezberdinetan, eta hauek izan ziren eskuratutako emaitzak:

Sanbon
1. Esteban Martinez
1. Abayuba Gutierrez
1. Amaia Curiel
1. Leire Zubizarreta
2. Mario Garrido
3. Josu Olmos

Borrokan
1. Leire Zubizarreta
1. Amia Curiel
2. Mario Garrido
3. Esteban Martinez

Era honetara, judoka guztiek Espainiako txapelketerako txartela eskuratu dute.