Bere nahira elikatuta, bere nahira ibilitakoa Ataungo mendi magaletan, eta kapritxoz hazitakoa, hori dugu "Moxolo". Saler arraza frantziarraren pedigria duen idia genuen, arraza handikoa.
Gutxi dira gure mendi magaletan ikusten diren idiak, normalean behiak eta zekorrak izaten dira baserri abereak, eta gure elikaduran erabiltzen ditugunak.
Baina oraingoan, idi haragia, eta ez-nolanahikoa "oso haragi ona aterako da eta den dena Lasarte-Orian salduko da" aipatzen du Xabier Etxezarreta harakinak.
Ametsa errepikatzen
Etxezarreta harategia, denok jakingo duzuen bezala Hipodromo Etorbideko bigarren zenbakiak aurkitzen da, 1963 urteaz geroztik dago gure artean, eta bertan izango da Idi haragi freskoa erosteko aukera. Bere ametsa probatzeko aukera izango dugu. "Aitak behin 1000 kilotako behia bota zuen, eta Moxolotaz hitz egin zidatenean, dudarik gabe nirea egin nahi nuen, aitaren ilusioa errepikatzeko gogoa nuen" dio Etxezarretak.
791 kilogramo okela
1.240 kilo pisatzen zituela joan zen "Moxolo" abere-hiltegira "sasoi ederrekoa zenez asko gizendu da" dio Xabierrek. Abereak zahartzen hasten direnean ez dira gehiago gizentzen, jan eta jan aritu arren. Moxolo tarteko adinean zegoen eta bere momentua zeukan "platerera eramateko garaia" gaineratu du Xabierrek.
Zapore berezia
Seler arraza ona baldin bada, gizentzeko (artoarekin eta belar-ondoarekin) izan duen kapritxozko era ere ona izan da; "zapore berezia emango dio haragiari" deritzo Xabierrek. Denetik jan du Moxolok eta hori nabarituko dugu bere haragia probatzerakoan.
"Bisitan joan naizenean denetik zeukan askan, bisitatu ere egin dudalako" kontatu digu Xabier Etxezaharretak.
Aste betez samurtzen
Asteartean hasiko dira pixkanaka Moxolo herrira ekartzen. Ganadu zaharra hil ostean "pausat zen utzi behar da".
Hil berritan gogor samarra izaten du haragia, baina "samurtzen joaten den heinean zaporea galtzen joaten da" gaineratzen du Xabierrek, beraz, margen egokia bilatu behar, "zaporea galdu ez dezan eta samurra egon dadin".
Prezioa
Idiaren serra batek gehiago balioko duenik ukatu egin du harakinak: “Lasai egon, idia izateagatik ez diogu prezioa igoko, behi haragiaren berberak mantenduko ditugu".
Xabierren eta bere lagunaren kapritxoa dastatzeko aukera paregabea galtzeko aitzakiarik ez. Txuletak, solomiloa, xerrak, xehakinak, denetik bihartik aurrera Etxezarreta harategian.