Aurten kulturak gizartean duen eragina aztertuko dute. Hain zuzen ere, hiru saiotan musikak, literaturak eta arteak duten garrantzia pelikula eta hizlarien bitartez ezagutzeko aukera egongo da Danok Kide elkarteak Udaleko Kulturako Sailaren laguntzaz antolatzen duen ekimenean.
Herritarren artean duen arrakasta handiari esker, aurten VI. edizioa du Zinema Sozialeko zikloak eta aurreko urteetako ikusle kopurua mantentzea espero dute antolatzaileek.
Horregatik, antolatzaileek herritarrak gonbidatzen dituzte zikloan parte hartzera.
Saioak
Saio bakoitzean gai bat jorratuko da, honela film bat ikusi eta gai horri buruz aditua den hizlariaren gogoetak entzun ahalko dituzte kultur etxera hurbiltzen direnek.
Lehenengo saioan, hurrengo astelehenean, musika eta gizartea izango da gaia. Horretarako Copying Beethoven pelikula ikusi eta Gipuzkoako Ateneoko Angel Garcia Ronda lehendakariak hitz egingo du gaiari buruz.
Balzac y la joven costurera china filmaren bitartez, literatura eta gizartea aztertuko dira otsailaren 15ean, Mª Carmen Perez izango da aditua.
Otsailaren 22an, berriz, artea eta gizartea jorratzeko, La joven de la perla filma ikusgai eta Jose Javier Fernandez hizlaria izango dira ekimeneko azken saioan.
Copying Beethoven
Astelehenean ikusi ahalko den pelikulan Beethovenek konposagile lanetan egin zituen azken urteak ezagutu ahalko dituzte eta zehazki Bederatzigarren Sinfonia bukatu eta gortasunak sortzen dizkion arazoak.