Hiru tona elkartasun Saharako errefuxiatu kanpamentuetara

Txintxarri 2010eko otsailaren 5a

Urtero legez, Lasarte-Oriako Sahararen herriaren lagunak Saharako errefuxiatu kanpamentuetarako elikagaiak eta konpresak bildu dituzte urtarrilako hilabetean zehar.
Horren emaitza, Lasarte-Oria, Usurbil eta Añorgako herrialdeak VI. Sahararen Euskal karabanara 3 tona elkartasun bideratuko dituela da.
Lasarte-Oriako Sahararen herriaren lagunak asteartean eskaini zuten prentsaurrekoan azaldu zuten bezala, "harritu egin gara 3000 kiloetara iritsi garelako, krisia dela eta, ez genuen hainbeste espero."
Hiru tona horietatik ia bat, urtarrilaren 23an, Urbil merkatalgunean bildu zuten.
"Jendea aurrez aurre izatea eta gu paketeak egiten ikustea, konfidantza gehiago ematen duela uste dugu. Iaz hotzago izan zen eta, aurten gainera, Aminatou Haidarrek egindako gose grebak ere jendeak gaiari buruz gehiago jakitea ekarri duela uste dugu," azaldu zuten.

VI. Euskal Karabana

Elkarteko kideek aurreko urteetan bezala, Euskal Herria osoan 400 tona biltzea espero dutela aipatu zuten, "baina Donostian esate baterako, beste urteetan baino gutxiago biltzen ari dira. Beraz, ez dakigu kopuru horretara iritsiko garen edo erakunde baten laguntzarik izango dugun kopuru horretara iristeko."
Elikagai karabana, otsailaren 20an aterako da Gasteiztik eta martxoa erdialdera iritsiko da errefuxiatuen kanpamentuetara.
"Bigarren eskuko kamioi erosten dira eta Eusko Jaurlaritzak ere laguntzen du baten bat eskuratzen. Horiek guztiak, Alacantera egingo dute, handik ferryan Arjeliara eta bertan paper guztiak ongi daudela egiaztatzerakoan kanpamentuetara," azaldu zuten.

Egoera salatu

Honetaz gain, herriak kanpamentuetan bizi duen egoera salatu zuten, "Estatu Espainiarrak eta Frantsesak Marokoko gobernuari laguntza ematen dio Saharako lehengaiak ustiatu eta Saharako herritarrak kanpamentuetan mantentzeko, kanpamentuetan, aldiz, herritar asko gosea dute eta egoera larrian bizi dira."
"Izan ere, hemen krisia ekonomikoa dugu, baina munduko leku askotan elikagai krisia edo humanitarioa baitago," gogoratu zuten.
Horregatik, herritarrak honelako ekimenetan, Saharar herriaren aldeko, zein beste herri baten aldeko ekimenetan parte hartzera animatu nahi dituzte elkartetik.

Eskertza

Bestalde, Lasarte-Oriako Sahararen herriaren lagunak Lasarte-Oria,Usurbil eta Añorgako bizilagunei eskertu nahi die ezinbestekoa izan den partaidetza.
Eta, noski, elikagai bilketa egin den ikastetxe, supermerkatu eta tabernei ere eskerrak eman nahi dizkiete elkarteko kideek, hau da, Lasarte-Orian Landaberri ikastola, Sasoeta-Zumaburu ikastetxea, Lasarte-Usurbil Institutua, Emakumearen Zentro Zibikoa, Michelin Koop., Eroski center, Super BM, Dia supermerkatuak, Arsuaga Autozerbitzua, Jalgi, Sustrai eta Obelix taberna; Usurbilen Eroski Aliprox, Dia, Usurbilgo Ikastola eta Añorgan, Añorgako Ikastola.
Eta, era berean, Hiru sindikatuari, "haiek bigarren eskuko kamioiak bidaia egiteko prestatzen dituztelako eta gidariek, gainera, Alacanteraino bidaia egiten dute," azaldu zuten Lasarte-Oriako Sahararen herriaren lagunak.