Euskal Preso Politikoek borrokaldi berria hasi dute

Txintxarri 2010eko otsailaren 8a

Urtarrilaren 4an hasi zuen Euskal Preso Politikoen Kolektiboak borroka aldi berri bat. Aste beteko gose grebak egin dituzte, itxialdian egon dira patiora atera gabe... eta beste hainbat neurri hartuko dituzte.

Euskal Presoek ere prozesu demokratikoa eskazen dute, demokrazia heldu dadin Euskal Herrira. Dena den premiazko beste eskabide batzuek dute lehentasuna presoen borrokaldiaren aldarrikapenen artean, urratzen zaizkien oinarri oinarrizko eskubideek alegia.
Batetik gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatzen dute.
Bestalde, zigorra beteta duten presoak askatzeko ere eskatzen du presoen kolektiboak. Lasarte-Orian lau lagun dira zigorra beteta eta oraindik kartzelan daudenak, Ina Orotegi, Kepa Rezabal Txurdi, Mitxel Turrientes eta Niko Francisco.
Era berean, oraindik epaitu gabe izanik baldintzapeko askatasunean kaleratuak izateko epea gainditu duten presoak askatzeko eskatzen du kolektiboak.
Gainera, isolamendu-bakartze egoeran diren presoei baldintza horiek kendu eta kartzelan diren kideekin elkartu ditzatela eskatzen dute euskal presoek borrokaldiaren bidez.
Azkenik Euskal Presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzeko eskatzen dute presoek. Bost aldarrikapen konkretu hauen alde txandaka ekintza ezberdinak egiten ari dira presoak. Ekintza horien tartean gose grebak.
Jada 30 urte bete dira euskal presoek bere aldarrikapenen alde borrokan hasi zirenetik. 2010 urte hasieran borrokaldi berria hasi eta martxoan indartu egingo dutela aurreratu dute euskal presoek txandakako borroken bidez.
Lasarte-Orian hilero bezala azken ostiralean elkarretaratzea egingo dute senideek San Pedro elizaren aurrean. Borroka aldiak irauten duen bitartean, bestalde, hilero batzar informatiboa egingo dute eta ostiralero Donostiako PSOEren egoitzaren aurrean elkartuko dira.