Hauetaz gain, herriko beste elkarte eta talde batzuk, badute asmoa aurten ere kalea alaitzeko. Gai ezberdinak jorratuz, desfilean hartuko dute parte.
Desfile bateratua
Iaz bezala, desfile bateratua aterako da inauterietan, larunbat arratsaldean. Bertan Ttakun Kultur Elkartea, Zabaleta Auzolan, Jalgune, Udal Musika Eskola eta beste hainbat talde Filmen gaiarekin aterako dira; Erketz Dantza Taldea Munduko Dantzak gaiarekin; Zakilixut taldea Bikingoak gaiarekin eta Emakumeen Zentro Zibikoak ere parte hartuko du desfile erraldoian.
Aurreko urteko festa erraldoi politaren emaitza ikusita, berriro desfile bateratuaren alde egin dute elkarteek. Elkarteez gain norbanakoei luzatu nahi diete gonbitea beraiekin batera parte hartu dezaten.
Lasarte-Oria Produkzioak
Artista famatuenak, zuzendari goraipatuenak, pertsonai esanguratsuenak izango ditugu aurtengo inauterietan herrian. Izarren munduaren inguruan argazkilariak, foto-call-ak eta paparazziak izan ohi dira, eta hori ere ez da faltako Lasarte-Orian. Glamourra herriko kale eta izkina guztietan.
Hauetako pertsonaiaren bat, edo gogoko duzun besteren bat izan nahi baduzu, ez izan zalantzarik, deitu edo pasa Ttakunetik eta hartu parte gure zinema mundu partikularrean!
Afaria
Ibilbidea amaitutakoan, nahi duenak aukera polita izango du jaiarekin jarraitzeko, afaria antolatu baitu Ttakunek desfilean parte hartu duten "artista" guztientzako.
Afarira joateko txartelak egongo dira salgai Ttakunen gaurtik ostegunera arte.
Edozein zalantza izanez gero edo informazioa eskatzeko, jo ezazue lasai Ttakunera (943 371448).
Laguntzarik nahi?
Ttakunek, nahi izanez gero, noski, laguntza eskainiko dio behar duenari ideiak garatzeko, materialak lortzeko, mozorro ereduak eta txantiloiak prestatu eta emateko...
Inauterietan mozorrotuz gero, festa gehiago gozatzen da. Baina ez bazara ausartzen jendearekin hartu-emana izaten, lotsa ematen dizulako edo, lasai, beste modu batean parte hartzeko aukera izango duzu. Artisten txoferra izan zaitezke, edo managerra...
Dendari eta tabernariei deialdia
Bide batez, denda, komertzio eta tabernei ere beraien erakusleihoak eta espazioak dekoratu ditzaten ere eskatu nahi diete antolatzaileek.
Kalera atera orduko, leiho, balkoi eta eskaparateak dekoratuta badaude, inauterien giroa suspertu eta bizitu egiten da, horregatik egiten dute deialdia.
Girotu dezagun denon artean herria inauterietan, apaindu dezagun eta dotore-dotore utzi!!!.