Kuadrillategiko gazteek “Ice Age 1” pelikula ezaguna bikoiztuko dute

jon-altuna 2010ko ots. 8a, 01:00

Kuadrillategiko gaztetxoek “Ice Age1” filma bikoiztuko dute datozen asteotan. Ez da zeregin berri berria beraientzat, azken urteotako ekintzen artean izan da eta pelikulen atalen batzuk bikoiztearena, baina oraingoan pelikula osoa bikoizteko asmoa dute. Jadanik ari dira itzulpenak egiten. Eta lan hori ahalik eta ondoen egiteko eta bikoizketaren nondik norakoak ezagutzeko aurreko astean lan honetan profesionalki ari diren Felix Arkarazo eta Maider Gorostegi gonbidatu zituzten, lehenengoa bikoizketa lanetan esperientzia handiko aktorea eta bigarrena duela hiru urtetik hona horretan murgildu den lasarteoriatarra.

Ordu bete baino gehiago egon ziren Felix Arkarazo eta Maider Gorostegi Kuadrillategiko gaztetxoen galderei erantzuten Ttakuneko lokal zaharrean. Hauek jakinmin handia zutela erakutsi zuten eta bikoizketaren zirrikitu guztiak ezagutu nahi zituztenez hainbat gauzetaz aritu behar izan zuten bi gonbidatuek. Behin teknikaren berri izanda orain “Ice Age” euskaratzen eta bikoizten saiatuko dira.
Kuadrillategiko Naike Zumetak kontatu digu zergatik deitu zieten bi bikoizleei: "beraiek mundu honetan dabiltzanez, ba, zerbait ikasteko helburua izan dugu. Esan digute zer den zailena, zein truko dauden, zer egin daitekeen erdarazko esaldi bat oso luzea eta euskarazko motzagoa bada...”

Filmak euskaraz ikusi nahi

Filmak bikoizteko egitasmoa nolatan sortu zen ere azaldu digu Naikek. "Beti gaude pelikulak euskaraz ikusteko gogoarekin eta euskaraz dauden pelikula gehienak orain dela hogei urtekoak dira, ez daude asko eta berdinak dira beti. Bestalde Kuadrillategiko ekintzetan bikoizketa lanak egin ditugu, erdi txantxetan bideo bat hartu eta pare bat minutu bikoiztu. Kuadrillategin bietatik egin izan dugu, pelikulak ikusi eta bikoizketak egin. Orduan egun batean pentsatu genuen, pelikula onik euskaraz ez dagoenez, goazen bat bikoiztera. Horrela bi ekimenak batera egingo genituzke, guk bikoiztu pelikula eta gero pelikula hori ikusi".
Kuadrillategiko gazteek eurek aukeratu dute bikoiztuko duten pelikula, hain zuzen ere, Ice Ageren lehen partea. Naikek esan digunez aukeraketa ona izan da etorkizunera begira ere, "bigarren eta hirugarren partea ere bikoiztu daitezke eta laugarrena ere aterako dute. Gainera, dibertigarria da eta egia esan pertsonaia dexente daude eta beraiek ere pila bat dira, orduan bakoitzak pelikularen zati edo atal bat hartu du".

%100 kuadrillategi

12-14 urte arteko 30-40 lagun ari dira lanean. Eurak egiten ari dira itzulpenak ere. Hiru taldetan banatuta bakoitzak zati bat itzuli eta bikoiztuko du. Soinuak nola sortu ere eurak ari dira pentsatzen. Naike Zumetak adierazi digunez lanik zailena itzulpena da, bere iritziz gazteleratik euskarara pasatzea ez da erraza batez ere euskarazko bertsioa barregarria eta gatz apur bat daukana egin nahi bada.
Naikeren ustez, dena den, ez da lan astuna izan, "pelikula erakargarria denez,... ikusi egiten dute, parra egin eta segituan daude lanerako prest. Erraza izan da hori" .
Oraindik ez dira bikoizketarekin hasi. Ihauterietan egiteko asmoa dute eta beraz ez dakite nola moldatuko diren euskarako testuak sinkronizatzeko eta filmean egokitzeko orduan.

Maider Gorostegi
Aurkezlea
“Gustuko dut ahotsarekin lan egitea”

Maider Gorostegi kazetari lasarteoriatarrak mikrofonoen aurrean egiten du lan: filmeen bikoizketan aritzen da astean zehar eta aurkezlea da asteburuetan, irrati eta telebistako Gaztea programan.

Nolatan ari zara bikoizle?
Duela bost urte egin nuen ikastaro bat. Inongo intentziorik gabe hasi nintzen, irratian asteburuan bakarrik egiten nuen lan eta esan nuen: aste osoa libre daukat, beraz, jendea ezagutzeko, ondo pasatzeko... ikastaroa egin eta aukera atera zitzaidan. Irakasleak deitu zigun: “aizu probatuko al dugu gauzatxo bat edo beste egiten?” Eta duela hiru bat urtetik hona ari naiz serio xamar.

Zer moduzko lana da mikroaren aurrekoa?
Niri asko gustatzen zait, mikroak harrapatu egiten nau, engantxatu. Orain Gazteako lana egiteko aukera ematen dit, nolabait beste pertsonaia batetan sartzeko aukera eta gero aste barruan bikoizketa lanak ere egiten ditut.
Pertsonaia ezagunik bikoiztu al duzu?
Egin ditudanen artean "Perfumea" eta "Ilargi berria" dira berrienak. Normalean gaztetxoen paperak ematen dizkidate, nire ahotsaren tonalitatearengatik. Eta marrazki bizidunak ere bikoiztu ditut.

Zenbat ahots ezberdin bikoizten dituzue pelikula bakoitzeko?
Izan daiteke bat baino gehiago egitea, baina ohikoena bakarra egitea da. Batzutan gertatzen da giroa egin beharra, hau da behin bakarrik ateratzen den emakume edo umeren bati ahotsa jartzea, baina normalean pelikula bakoitzeko paper bat egiten dugu.

Zaila al da zuen ahotsa ahoaren mugimendura egokitzea?
Bai. Hasieran lehen obsesioa hori da, ahoaren mugimenduan sartzearena. Behin hori gaindituta, nire kasuan behintzat, hasten zara benetan interpretatzen eta beste gauza batzuetan.

Zer sentitzen da Hollywood-eko izarrak bikoiztean?
Kuriosoa da gero etxeko sofatik ikustea,... hori ez dut oraindik gainditu, kosta egiten zait nire ahotsa horrelako pertsonaia baten paperean ikustea. Dena den, nik asko disfrutatzen dut, azken finean jolas bat bezalakoa da: zu pertsonaia baten paperean sartzea eta pertsonaia horrek egiten dituenak egitea.

Aktore ezagunik bikoiztu al duzu?
Anne Hathawai "Deabrua Pradaz jantzita" pelikulako neska gaztea izan da bat.

Ume paperik egin al duzu?
Asko egiten ditut. Ahots tipoarengatik, ume koxkorrak sarri, eta marrazki bizidunak ere bai. Normalean señora baten paperik ez didate ematen noski.

Kalean ahotsarengatik ezagutu al zaituzte sekula?
Ez, ahotsa nahikotxo aldatzen da gainera. Gurasoek ere ez dute ezagutzen ia, ia...

Zer moduz Lasarte-Oriako gaztetxoekin?
Oso ondo, dinamikoa izan da elkarrizketa, uneoro zeukaten galderaren bat.

Felix Arkarazo
Aktorea
“Hasiera hasieratik, ETB sortu zenetik, ari naiz bikoizketa lanetan”

Goenkale telesailean ertzainen buru delako da ezagun Felix Arkarazo. Baina aurretik hainbat aktore ezagun bere ahotsarekin mintzatzen ziren filmeen euskarazko bertsioan. Berak kontatu digunez ETB sortu zenetik da bikozle, esperientzia handia duen profesionala da beraz. “Esan daiteke hasiera hasieratik naizela bikoizlea. 1982an hasi ziren bikoizketarako lehenengo ikastaroak egiten, hain zuzen ere, ETB sortzeko zegoelako. 1983ko urtarrilak batean hasi zen emisioa, eta ordurako komenigarria zen horrelako stock moduko bat izatea emititzen hasi ahal izateko”.

Nolatan ari zara bikoizle?
Irakaskuntzan nenbilen, eta egia esan ez nengoen oso gustura. Gauza biak lotu ziren, batetik irakaskuntzatik alde egin nahi izatea eta bestetik sasoi hartan bikoizketarako ikastaro bat nahiko erakargarria izatea. Beraz bi faktore horiek lotuta, sartu egin nintzen eta kitto.

Eta zer moduz? gustuko al duzu ahotsarekin lana egitea?
Bai, oso gustukoa dut.

Bikoiztu duzun pertsonaia ezagunen bat aipatuko al diguzu?
Ba, marrazki bizidunetan Vegeta Dragoi Bolakoa, 30-35 urtetik beherako denek ezagutzen dutena. Gero gogoan dauzkat, Robert de Niro, Al Pacino eta Jack Lemmon, batez ere, euren gazte sasoian egindako pelikuletan, nire ahotsa ere une horretarako izan daitekeelako egokiagoa.

Aktore bat bikoizten hasiz gero, jada jarraitu egin al duzu?
Bai, aspaldi batean, Al Pacino eta De Niroren film batzuk bikoiztu nituen eta hor mantentzen ninduten.

Eta bi aktoreak pelikula berean baldin baziren?
Orduan jada aldatu egin behar!

Pelikula berean lan bat baino gehiago egin al duzu noizbait?
Bai, tokatzen da. Badaude pelikula batzuk pertsonaia zerrenda ikaragarria daukatenak eta hor bai, bi eta hiru ere bai. Zaindu egiten da; hasieran paper bat egin baduzu, bestea segidan ez egiteko, nabaritu egingo zelako, baina bestela bai, batzutan.

Zer sentitzen da Hollywood-eko izarren ahotsa zeurea izanda?
Esperientzia hori gozamena izaten da, batez ere, euren antzezpena beti irakasgaia delako berez. Horrelako aktore handiak bikoiztea, oso lagungarri izaten da bikoizteko orduan ahalik eta sinesgarritasunik handiena emateko. Ez bakarrik ospetsuak direlako, baizik eta oso aktore onak direlako eta originalean entzundako tonuei, intentsitateei, erritmoei,... esker. Oso erraza da, eurak dira irakasleak.

Ezaguna zara batez ere Goenkaleko paperarengatik, baina sekula ahotsarengatik ezagutu al zaituzte kalean?
Bai, hain zuzen ere, Vegeta pertsonaiaren antzezlea izan naizelako. Kontu horrekin, hainbat eta hainbat jendek ezagutzeak, asko harritu nau. Goenkaleko paperarengatik ezagutzea normaltzat jo daiteke, baina ahotsarengatik bakarrik... Batek baino gehiagok esan dit "Zu Vegeta zara". Behin Pirinioetan aterpe batean nengoela, normal hitz eginez ari ginela, goiko literetatik esan zidan batek: "Tu eres Vegeta".

Zer moduz egon zara Lasarte-Oriako gazteekin?
Ondo, espontaneitate handia daukate.