Zubizarreta eta Elizalde judokak Euskadiko txapeldun

Txintxarri 2010eko otsailaren 8a

Lehengo asteburuan, txapelketa batetik bestera ibili ziren LOKEko judokak eta domina uzta ekarri zuten Lasarte-Oriara, baita Euskadiko bi txapeldun berri ere.
Larunbatean, taldeko txikiek, alebinek Tolosan izan zuten txapelketa. Gorka Aristegi entrenatzaileak adierazi duenez, “Haritz Urdangarin eta Jorge Revueltak oso ondo egin zuten.”

Bi txapelketa egun batean

Igande goizean, berriz, Lezon Leire Zubizarreta eta Iñaki Elizaldek Euskadiko txapela eskuratu zuten junior mailan eta Esteban Martinez 2. sailkatu zen, bere pisuan.
LOKEko entrenatzaileak aipatu duenez, “helburua lortu dute. Hirurak lortu baitute txartela otsailaren 21an Iruñean jokatuko den Espainiako txapelketako sailkapen saiorako.”
Arratsaldean ere, 23 urte azpiko Gipuzkoako txapelketan gogor lehiatu ziren Lasarte-Oriako ordezkariak.
Iñaki Elizaldek eguneko bigarren urrezko domina eskuratu eta bere mailako txapeldun berria dugu, Leire Zubizarreta bigarren postua egin zuen eta Asier Sagasti, Beñat Eleizegi eta Mario Garridok brontzezko domina ekarri zuten Lasarte-Oriara.
Emaitza horiei esker, guztiek Euskadiko Txapelketan parte hartuko dute. Aristegi entrenatzailearen hitzetan, “denak oso ondo lehiatu dira. Mario bereziki, kadetea da eta oso maila ona erakutsi du.”
Eta txapelketa hauek guztiez gain, infantilek ere Gipuzkoako txapelketarako sailkapen saioa jokatu zuten. Guztiek otsailaren 21an Lezon jokatuko den Gipuzkoako Txapelketarako txartela eskuratu zuten .