Jalai taldeak gaizki hasi du igoera fasea

Nerea Eizagirre 2010eko otsailaren 8a

Ostadarrek taberna arteko lehiaketa antolatu zuenean sortu zen taldea. Duela 6 edo 7 urte, kirol elkarteak lehiaketa antolatzeari utzi zionean, taldea federatu eta Ainhoa tabernaren babesean lehiatu da aurtengo denboraldira arte. Egun Jalai taberna taldea dugu eta denboraldi paregabea egin dute. Larunbatean, igoera fasea hasi zuten. Horregatik, Javier Felipe entrenatzailearekin eta Alfonso Salagre, Sito, jokalariarekin hitz egin dugu

Lehenengo fasean, taldeko bigarren sailkatu da Jalai taberna. Honetan, sei talde lehiatu dira bi itzulitan.
”Lau talde maila berekoak ginen eta beste biak maila baxukoak. Kosta zaigu. Izan ere, hasieran zailagoa zirudien, baina partida batzuetan zortea izan eta bigarren geratu gara,” adierazi digu Javier Felipe entrenatzaileak eta “beste talde batzuk errazagoak izan dira,” gaineratu du.
Fase honetan hiru partida galdu dituzte soilik. Horien artan azkena, “dagoeneko sailkatuak ginen. Aurreko jardunaldian Cafes Aitona garaitu eta partida horrek ez zuen hainbeteko garrantziarik.”
Aurten defentsa lanean sendo ibili da taldea eta puntu gutxi egin dizkiete, ez ordea erasoan.
“Erasoan garrantzia handia duten jokalariak galdu ditugu aurten. Denboraldiko lehenengo partidan, Javierrek lotailu gurutzatuen haustura izan zuen eta taldeko beste kide batek haurra izan du,” azaldu digu Sitok.
“Egia da, erasoan ez dugula erraz jokatu, baina 60 puntuetara iritsiz gero, partida irabazten dugu. Horrela ez bada, kostata garaipena lortu edo galtzen dugu,” aipatu digu Javier entrenatzaileak.

Igoera fasea

Erasoko arazoak medio, igoera faserako txartela eskuratu dute. Hau itzuli bakarrean jokatuko da eta taldeak ez du asko bidaiatu beharko, izan ere, geografikoki urrun dauden taldeen partidak etxean jokatuko baititu.
Hori zortea da Jalai tabernako gizonentzat “guk etxean hobeto jokatzen dugu eta pista ezagutzea garrantzitsua da,” baina “bigarren fase hau zailagoa izango da. Talde askok oinarrizko eta goi mailako taldeak dituzte eta askok igoera lortu nahi dute,” adierazi digute.
Igoera lortuko duten taldeei buruz galdetzean, “aurreko urteetako taldeak ezagutzen ditugu. Beste batzuei buruz ez dakigu asko. Baina gure ustez Mondragon Unibertsitatea, Aloña Mendi eta Easoko taldeetako bat izango dira igoera jokatuko dutenak,” aipatu digu Sitok.
Azken urteetan, hiru alditan igoera lortu eta errefusatu du taldeak, “errealistak izan behar gara. Gu lagun talde bat gara eta jokatzea gustatzen zaigu,” aipatu du Javierrek eta jarraian, “hala ere, gure helburua lehiakorrak izatea da. Partidak jokatu eta azken minutura arte lehiatzea. Beste taldeak garaipena lantzea gustatzen zaigu. Eta taldea sailkapenean goiko postuetan baldin badago hobe.”

Gogor hasi

Larunbatean, jokatu zuen Jalai taberna taldeak igoera fase honetako lehenengo partida.
Mondragon Unibertsitatearen aurkako partida gogorra izan zen. Bi taldeek falta ugari egin zituzten, baina, era berean, partida berdindua izan zen azken laurdenera arte.
Orduan, Jalaik erasoan arazoak izan zituen eta Mondragonek garaipena eskuratu zuen.