“Ezkutuan” doa aurrera Teresategiko industrialdea

Txintxarri 2010ko ots. 11a, 01:00

Teresategiko industrialde proiektua aurrera doala eta Udal Gobernuak ez duela informaziorik ematen salatu dute Ezker Abertzaleko hiru zinegotziek. Gehiengoa daukatenez, laster, euren ustez udaberrian, Gobernu Batzordetik eta Udal Batzarretik pasatu eta martxan jarriko dute proiektua, "astakeria" euren hitzetan, batere eztabaidarik gabe.
2009ko martxoa amaieran auzotarrei eta oro har herritarrei bideragarritasun azterketa berri bati buruzko informazioa eman zioten Ezker Abertzaleko zinegotziek. Orain, Joxe Goikoetxea, Itziar Iartza eta Txanpi Baztarrikak beste informe baten berri eman dute, berriro ere lanean ari diren seinale: arau subsidiarioen aldaketa bat. Eta ez dute ezagutu Udal Gobernuak proiektuaren informazioa ematen duelako, kontrakoa baizik, kanpotik iritsi zaie informazioa: “lehen bezala ezkutuan eta herriari zein zinegotziei informaziorik eman gabe segitzen dute”. Martxoan publiko egin zuten informazioaren berri, azaroko hirigintza batzordean eman zien Ana Urchueguia alkateak, "ordura arte ezer pasa ez balitz bezala jokatu zuten".

Aldaketak

Teresategiko industrialde proiektuaren aldaketa nagusia, "nabarmen nabarmena", sarbide berri bat izango da, hau da, Errekaldeko errotonda berritik errepide bat irekiko da, hain juxtu karrozeria dagoen ingurutik gora, saihesbide berriko bide-zubiaren azpitik. Goian beste biribilgune bat izango da Pepenea baserriaren ondoan. Saihesbide berria industrialdearen ondo ondotik pasako da baina ez du sarrera edo irteerarik izango. Industrialdeak beraz hiru sarrera izango ditu, bata Goiegi ingurutik, bestea Galarreta edo Hernani aldetik eta hirugarrena Rekaldetik.
Udal Gobernuak industrialde proiektuari buruz ezer esaten ez baldin badu ere, aurrera doala jakinarazi zuten hiru zinegotziek, Udal agintarien jarrera eta informazio falta salatuz: "Informazioa dena prest dagoenean emango digute, bitartean isilik egongo dira", Proiektu berriaren planoak kanpotik lortu dituztela jakinarazi zuten "inori ez digute informaziorik ematen eta herriari gutxiago".
Bestalde, Udal Gobernuak Industrialde arloko Politikarik ez duela salatu zuten eta beraz definitu dezatela eskatzen die herriko agintariei. Ezker abertzaleko kideen ustez beharrezkoa litzateke eskualdeko industrialdea, kontutan izanik Lasarte-Oriak ez duela lurrik industrialderik kokatzeko.

Eskualdeko industrialdea

Gaiari buruz gazdetzekoak ziren Somotoko ikerketa aztertu zen batzarrean, baina alkateak eten egin zuenez ez zuten aukerarik izan. "Argi daukagu Lasarte-Oriaren ezaugarriak ikusita industrialde txukun bat egiteko aukera gutxi daudela, eta egiten bada astakeria bat eginda Teresategin bezala" salatu zuen Joxe Goikoetxeak.
Zinegotziek gogor salatu dute Agenda 21 ekimena edota hirigintzan auzo elkarteekin sortu zen batzordea, legeak behartzen dituelako sortzen direla baina ez benetan interesa dutelako honelako gaiak eztabaidatzeko, iritziak jasotzeko edo informazioa herriari zabaltzeko.