Antolatzaileek azaldu digutenez, “urteko ekimen artean, gure elkartea gurasoei zuzendua dagoenez, gurasoentzat tailerra egitea otu zitzaigun. Xabier Andonegirekin hitz egin genuen, hark katekesiaren bidez gurasoekin hartu eman gehiago duelako. Berak bere laguntza eskaini zigun.”
Honetaz gain, “tailerra zuzentzen duen pertsona Secun, Xabierren laguna da eta Danok Kideko hezkuntza ekimenetan ere irakasle da. Esperientzia handiko pertsona da. Gazteen irakaslea izan da eta gazte eta gurasoekin asko lan egin du. Bikoteekin ere, ezkontza aurreko kurtsoak, etab eman ditu. Hari esan eta hark horrelako zerbait antolatua zuela aipatu zigun,” gaineratu dute.
Tailerra hilabetean behin eskainiko da, hilabeteko hirugarren ostegunean arratsaldeko 19:00etatik 20:30era eta hamabi sesio izango dira. Otsailaren 18an hasi eta 2011. urteko maiatzean bukatuko da, udan, ekainetik urrirako atsedenaldia eginez.
Hala ere, ez dute lekua zehaztua. ”Izena ematen duten jende kopuruaren arabera, Danok Kideren egoitzan, Blas de Lezo kaleko 11-13 zenbakietan edo San Pedro parrokiko lokaletan egingo da tailerra,” esan digute eta “tailerra aurrera ateratzeko gutxienez 15 pertsona egon beharko lirateke,” azpimarratu dute.
Nori zuzendua
8 urte eta 13 urte arteko gazteak dituzten gurasoentzat zuzendutako tailerra dela azaldu digute. Izan ere, ”bikoteak urte batzuk daramatzate elkarbizitzen eta eztabaidak izaten dituzte. Era berean semeekin gatazkak izaten dituzte eta hauek hezteko arazoak.”
Horregatik, tailerren helburua, harremanak lantzea da. “Familia eraldatzen doan kontzeptua da, baina honetan lotura mantendu edo sendotzeko kideen arteko harremana garrantzitsua da. Bikotea, familia eta lana, oreka mantendu behar, eta horretarako pertsonak dituzten jarrerak landu eta aztertuko dira tailerrean,” aipatu digute.
Tailerra
Sentimenduak, intimitatea, jarrera positiboa, sexualitatea,... Horiek dira tailerrak uztartuko dituen gaiak.
Hala ere, lehenengo bi saioetan, sarrera moduan, harremanetan sortzen diren loturak, bikotearen artean edo guraso eta haurren artean, aztertuko dira. Izan ere, bizitza kalitatea, harremanen kalitatean oinarritzen da eta jarreren azterketaren eta hauen garapenaren bidez pertsona hezi eta honek hobeto hezi dezake.
Gainontzeko, saioetan jarrera bakarra uztartuko da , baina “sentimenduak aztertzean gaia bi egunetan banatuko da, batetik sentimenduekiko jarrera eta bestetik autoestimua,” aurreratu dute.
Antolatzaileek azaldu digutenez, tailerra ez da teorikoa izango. “Taldeetan lan egingo da; jendeak bere esperientziak azaldu beharko ditu; Secunek apunteak emango ditu, baina esperientziak ere azalduko ditu. Beraz, tailerra aktiboa eta entretenigarria izango da,” aipatu dute.
Izena ematea doan
Honela, esan bezala, 8 urte eta 13 urte arteko gaztetxoak badituzue edo bikote harremanak sendotu nahi baldin badituzue 943 371 616 telefono zenbakira deitu, Danok Kide elkartera edo parrokiko lokaletara hurbildu.
Gainera, nahiz eta epea otsailaren 16an bukatu, tailerra martxoan hastea posible dela aipatu digute Danok Kideko antolatzaileek.