Lasarte-Oriako historiari buruzko bigarren liburua du Jose Luis Navarrok. Aurrekoan, Retazos de la vida de Lasarte y Oria del siglo XX a traves de la prensa liburuan herriari buruz egunkarietan argitaratutakoa aurkeztu zigun; oraingoan, berriz, Relato breve de Lasarte-Oria liburuan, horietako gertaera batzuk aukeratu eta Lasarte-Oriako familia batek bizitakoa kontatuko digu.
Nola sortu zen liburua egiteko ideia?
Bat batean datorren ideietako bat izan zen, baita erronka ere: Gai izango ote nintzake Retazos liburuko albiste batzuk lotzen eta istorio baten itxura ematen?
Zergatik da liburua Relato breve de Lasarte-Oria?
Hau gauza motza da eta irakurtzeko erraza. Ez da eleberri bat, ohituren kontakizuna da. Garaiko ohiturak islatzen ditut, gertakizun batzuetan oinarrituta.
Zein garaitan kokatzen da liburua?
1920. hamarkadatik 1930. hamarkadara, gutxi gorabehera, Donostian Belle Epoque garaia da eta kanpoko jende asko dago. Erregeak datoz, Gobernua eta Lehenengo Mundu gerratik ihesi datorren jendea. Horren ondorioz, inguruko herrietan ekimenak egiten hasten dira eta, batez ere, Lasarten: 1914ean golf sortu zen, 1916ean Hipodromoa, 1917 edo 1918an lehenengo hegazkinak aero- dromoan eta 1923an automobilen zirkuitua.
Horiek guztiek izan ziren Lasarte eraldatu zituzten gertaerak eta horiek dira erabiltzen ditudan gaietako batzuk.
Nola lotzen dituzu gertaera desberdinak?
Horretarako, familia bat sortu dut, nik imajinatutakoa.
Gizona fabrika batean ari da lanean, baina golf zelaira lanera joateko aukera ematen diote eta lana aldatzen du.
Emakumea oriatarra da eta Brunet familiarekin harremana duena. Ospakizunetan zerbitzari lanak egiteko deitzen zioten.
Seme-alabak hezi eta bere bizitza propioa dute...
Nolako Lasarte-Oria aurkezten digu liburuak?
Lasarten landa giroa zegoen. Ez zegoen ia industriarik, tailer txiki batzuk zeuden eta industria handia Orian zegoen, Brunet fabrika.
Jendea nekazaritzatik bizi zen eta gertakizun horiek guztiek aldatu zuten.
Langileak, esku-lana, behar zen, Hipodromoa eraiki eta bertako lanak zirela eta, edota golfean ere antzera: gazte asko kadi lanetan hasi eta profesional onak bihurtu ziren. Ikasketak bukatzen zituzten gazteentzat, pagotxa izan zen.
Eta urte batzuk geroago, Michelin fabrika agertzean, herria guztiz eraldatu zen.
Laguntzarik izan al duzu?
Laguntzarik handiena Juan Garmendia Cortadi, Zeleta, lasartearraren Aurtzaroko oroipenak liburuxka izan da. Hark bizi izan zuen garai hori eta bere begietatik jakin ahal dugu nolakoa zen gure herria.
Horretaz gain, Ramon Lopez, historialariak eta nire lagunak emandako bi batzar-agiri ere erabili ditut. Horietako batean, Lasarte, arazo batzuk medio, Hernanitik banantzeko ahaleginetan zebilela diote eta ideia hori ere erabili dut.
Beraz, 1920. urtean Lasarteko herritarrek herri independiente izateko ideia zuten?
Herriko jauntxo, alkate eta zinegotzien ideia zen, orduan, baina ez zuten lortu.
Hernanirekin arazo bat egon zen. Dirudienez, Hipodromoan epidemia bat sortu zen eta gaixoak Hernaniko ospitalera eraman behar zituzten. Baina hernaniarrak ez zetozen bat.
Egoera hori ongi datorkit, gertaera jakitera emateko, herritarren kezkak erakutsi eta independentzia ideia hori XX. mendeko garai desberdinetan zehar mantendu zela esateko.
Zaila izan al da liburu berria idaztea?
Ni ez naiz profesionala eta nire burua ez da kutxa ireki bat. Liburua ilusioz hasi nuen eta denbora batez utzi behar izan nuen.
Zeintzuk dira Lasarte-Oriari buruzko bi liburuen arteko desberdintasunak?
Retazos liburua ikerketa lana izan zen, ia urte eta erdi egin nuen Koldo Mitxelenara egunero joaten eta gero horri forma eman behar izan nion.
Hau, ordea, imajinazio lana izan da. Ordenagailuaren aurrean eseri eta gertaera zehatz batzuk lotzeko gauzak irudikatu behar izan ditut.
Bitxikeriarik bizi izan al duzu?
Behin Koldo Mitxelenan nintzela, Retazosen dagoen hilketa batekin lotura zuen epaiketa aurkitu nuen.
Hiltzaileari heriotza zigorra ezarri zioten garrotearekin, baina duda geratu zitzaidan, agian gero biziarteko kartzela-zigorrarengatik aldatu ote zioten edo. Epaitegietara joan eta aho zabalik geratu ziren nire eskakizuna entzun zutenean.
Azkenean ezin izan nuen jakin, paper horiek ez baitira gordetzen.