Antonio Mercero zuzendariak jaso du 2010eko Ohorezko Goya saria, zinemaren baitan osatu duen ibilbide ezin hobearengatik. Lasarte-Oriako zinemagilea ez zen aurreko igande gauean egin zen sari banaketan bertan izan, osasun arazoak direla medio, baina zine Akademiak urtero antolatzen duen galako protagonistetako bat izan zen.
Alex De La Iglesia Bilboko zine zuzendari eta Akademiako presidenteak aurretik eraman zion saria bere etxera. Bideo batean jaso zen unea eta Antonio Merceroren esker hitzak entzuteko eta ikusteko aukera izan zuten ekitaldian bertan izan zirenek zein hau telebistatik ikusi zutenek. Zinema zuzendari eta ekoizleak bideoan sariak zoriontsu egin duela adieraztean, Madrileko Udal Kiroldegian burutu zen ekitaldian zirenak zutik jarrita txalo zaparrada eskaini zioten. Une hunkigarria izan zen.
Alex de la Iglesiarekin izan zuen hitzordu honetako bideoaz aparte, Merceroren filmetako zatiak eman ziren, eta baita lasarteoriatarrak urtetan egindako adierazpenen aukeraketa ere.