EAJ-ak 2010. urteko aurrekontuak aurkezteko eskatuko dio Udalari

Txintxarri 2010eko otsailaren 15a

EAJ alderdiak otsailaren 5ean, mozio bat aurkeztu zuen Udaletxeko erregistroan, hurrengo udalbatzan eztabaidatu, akordio batera iritsi eta onartzeko.
Honetan, gobernu taldeak 2010eko aurrekontuak, hilabete bateko epean, aurkeztu ditzala premiatuko du.
EAJk mozioan azpimarratzen duenez, “erakunde bat zuzendu eta herriaren dirua kudeatzen duten guztiek betebehar nagusi bat dute, besteak beste: aurrekontu proiektu bat egin eta aurkeztea.”
“Gobernu taldeak ez zuenez 2009an aurrekontu proiekturik aurkeztu, 2008tik luzatutako aurrekontuekin jardun behar izan dugu, nahiz ekitaldi hartako aurrekontua ez zen % 60an ere gauzatzera iritsi, eta 3,5 milioi inguruko defizitaz amaitu zen,” salatzen du alderdi jertzaleak.
“Iazkoaz betebeharra zuen bezala, aurtengoaz ere betebeharra zuen gobernu taldeak, hau da, 2010eko aurrekontu proiektua aurkeztea, 2009ko abenduaren 31 baino lehenago,” atxikitzen du mozioan.

Egoera jasanezina

EAJ alderdiaren ustez egoera jasanezin batean dago Udala, “2008ko aurrekontu luzatu eta guztiz irrealekin jokatu behar baitugu, kontuan hartuta, gainera, udala egoera ekonomiko guztiz larri batean murgilduta dagoela.”
Egoera honetan, ezinbestekotzat dute “2010erako diru sarreren eta gastuen aurreikuspen zehatz bat egitea, bizi dugun errealitate ekonomikora ahal den erarik egokienean moldatzeko.”
Hau guztiagatik alderdi jertzaleak lehenbailehen Udalbatza deitzea proposatzen du.
Eta, era berean, Ogasun Batzordearen bilera-deia egitea, 15 eguneko epearen barruan, 2010eko aurrekontuak azter ditzan.