Mozorro ilada ikusgarria

Txintxarri 2010eko otsailaren 15a

Inauteriei ongi etorria ematen lehenak haurrak izan ziren ostiral arratsaldean. Herriko ikastetxeetan, urtero bezala, jaialdi politak antolatu zituzten.
Landaberri ikastolako txikienek Euskal Inauteriak ospatu zituzten eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxekoek berriz, kaldereroak.
Larunbatean berriz, desfilearen eguna izan zen. Herriko hainbat talde eta elkarte bildu ziren, bigarren urtez, denak batera desfilean ateratzeko herriko kaleetan zehar. Aurten gainera, herriko taldeez gain, Oriako txaranga ere atera zen desfileak kaleak alaitzeko asmoz.

Hotza protagonista

Iragarrita zegoen moduan, hotz izugarria egin zuen larunbat arratsaldean. Bakoitzak ahal zuen moduan egin zion aurre hotzari, batzuk arropa asko jantziz, mozorro beroa aukeratuz, dantza eginez... Baina bildutakoak, hirurehun lagunetik gora, ez ziren bildurtu eta desfilean parte hartu zuten inauteriak gozatzeko eta ondo pasatzeko asmoz.

Desfilea eta konpartsak

Hotz handiari aurre eginez, jende ugari bildu zen Iñigo de Loiola kalean desfilean parte hartzeko asmoz. Giro alaiean eta ondo pasatzeko asmoz, ehundaka lagun ibili ziren herriko kaleak alaituz desfilean.
Desfilean lehenak Emakumeen Zentro Zibikoko emakumeak ziren, Charleston dantzatuz. Jarraian Erketz Dantza Taldeko Munduko Dantzen konpartsa zioan, hauek ere koreografia ederra bezain alaia dantzatu zuten. Ondoren, Ttakuneko Filmeak konpartsa, bertan 101 dalmata, Chanquete, Grease, Mary Poppins, Palomitak, Superheroiak... ikusi ziren. Jalguneko lagunek Zazpi andregai zazpi anaientzako filma irudikatu zuten. Udal Musika Eskolakoak ere Superheroi bihurtu ziren.
Desfilea itxiz, Oriako Txarangako lagunekin batera, Zakilixut taldeko Bikingoen konpartsa izugarria eta Zabaleta Auzoko konpartsa, Marrazoa filmeko protagonistak!
Desfilearen ostean, Ttakuneko konpartsako kideen ekitaldiak ikusi ziren frontoi berrian.