Herritarrak, udal korporazioko kideak, Estatuko eta lurraldeko ordezkariak eta biktimak, zein haien senideak batu ziren Udaleko batzar aretoan.
Ekitaldiak hamaika pertsona omendu zituen bereziki, eraildako Antonio Huegun Iruretagoiena, Jose Javier Urritegi Aranburu, Alejandro Saenz Sanchez, Jose Herrero Quiles, Alfonso Morcillo Calero, Miguel Angel Blanco Garrido, Froilan Elespe eta Begoña Urroz Ibarrola eta zauritutako Pilar Calahorra Escalada, Dominica Navarro del Amo eta Francisco Fontela Albor. Era honetara, Lasarte-Orian egindako atentatuetako biktimak eta udalerritik kanpo atentatu baten biktima izan diren udalerriko bizilagunei oroi berezia egin zien Udalak.
Musika, hitza eta oroigarriak
San Pedro elizako kanpaiak hamabiak jo ostean, Carlos Rosat Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zeharkako flautako bakarlarieta herritarrak, Claude Debussyren Syrinx abestia eskaini zuen.
Lasarte-Oriako alkateak Ana Urchueguiak gazteleraz eta Jesus M. Zaballos zinegotziak euskaraz, herriko udal batzarrak adostutako mozioa irakurri zuten jarraian.
Irakurketaren ostean, El Cant dels ocells, askatasun eta itxaropen kantu herrikoi katalana, eskaini zuen Rosatek.
Batzar aretoko ekitaldiari amaiera emateko, Ana Urchueguia alkateak, Jesus M. Zaballosen laguntzaz, ekitaldiko oroigarria banatuko zien familiei. Une hunkigarriak bizi izan ziren orduan, Froilan Elesperen semeari emandako besarkada beroa, esate baterako.
Plakak Udaletxeko sarreran
Omenaldiak udaletxeko sarreran izan zuen jarraipena.
Bertan, "Lasarte-Oriako hiriak terrorismoaren biktimen oroimenez eta omenez / El pueblo de Lasarte-Oria en recuerdo y homenaje a las víctimas del terrorismo" idatzia zuen plaka desestali zuen Ana Urchueguia alkateak biktimen senideen laguntzaz.
Honekin batera, gainera, bigarren plaka batek ere ikusi zuen argia, Eusko Jaurlaritzaren betibizi loreak.
Betibizi lorea, Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Aldeko Bulegoak martxan jarri duen ekimen berria da eta honen helburua erailketaren bat izan duten Euskadiko puntuak, plaka edo monumentuen bidez, seinalatzea da. Ekitaldi honen bitartez, Lasarte-Oria Oroitzapenaren Mapari batzen zaion hogeita hirugarren udalerria da, eta lehenengoa non Lakuak plaka bat jarriko duen betibizi lorearekin.