17 Udalak 435.000 euro zuzendu ditu herriko familiei laguntzeko

Txintxarri Aldizkaria 2010eko otsailaren 17a

Lasarte-Oriako alkatetzak jakinarazi duenez, Udalak, Gizarte Zerbitzuetako sailaren bidez, 435.243 euro zuzendu ditu 2009an herriko familiei diru laguntzak emateko.
Era honetara, Udalerriko 236 familia izan dira Gizarte Zerbitzuak lagundu dituenak. Gehienetan, familia horiek gastuak bere gain hartzeko ezintasuna dute eta bizimodu duin bat aurrera eraman dezaten diru laguntzak ematen dizkie Udalak.
Izan ere, Gizarte Zerbitzuen konpromiso eta funtzioetako bat egoera zaila pasatzen duten pertsonei harrera eta laguntza ematea baita.

Programa desberdinak

Diru laguntza hauek, hiru programa hartzen dituzte bere baitan. Batetik, Emergentzia Sozialeko Laguntzen Programa eta Familientzako Laguntza Programa, biak ohiko eta ez ohiko gastu konkretuei aurre egiteko ezintasuna duten pertsonentzako. Eta, bestetik, Babes Sozialeko Programa edo familia interbentzioa deritzona.
Emergentzia Sozialeko Laguntzei dagokionez, kontzeptuka banatuta, laguntza kopuruen %54,45 etxebizitzaren alokairuari aurre egiteko arazoak dituzten pertsonentzako bideratu da; %25,25 etxebizitzen mantenura zuzendu zen eta %10,89 interesei eta kredituen amortizaziora, bere egoera ekonomikoarengatik hipotekari aurre egiteko ezintasuna dutenentzat. Aldez aurreko zorpetzeengatiko laguntzak %6,93 izan dira , %1,98 lehen mailako beharrentzako eta %0,5 altzarientzako.

Janari banaketa

Diru-laguntza ekonomikoez gain, 2009an Gizarte Zerbitzuetako sailak, Gurutze Gorriaren Lasarte-Oriako bulegoarekin batera, oinarrizko janari banaketak burutu ditu, arroza, azukrea, zerealak, gailetak, irina, esnea, pasta, etb., emergentziazko laguntzak dituzten familien artean.
Honela, uztailan 5.007 kilo janari banatu ziren 138 familia artean eta abenduan, aldiz, 4.879 kilo, 127 familia artean.