Antonio Mercero zuzendariak jaso du 2010eko Ohorezko Goya saria, zinemaren baitan osatu duen ibilbide ezin hobearengatik. Lasarte-Oriako zinemagilea ez zen aurreko igande gauean egin zen sari banaketan bertan izan, osasun arazoak direla medio, baina zine Akademiak urtero antolatzen duen galako protagonistetako bat izan zen.
Alex De La Iglesia Bilboko zine zuzendari eta Akademiako presidenteak aurretik eraman zion saria bere etxera. Bideo batean jaso zen unea eta Antonio Merceroren esker hitzak entzuteko eta ikusteko aukera izan zuten ekitaldian bertan izan zirenek zein hau telebistatik ikusi zutenek. Zinema zuzendari eta ekoizleak bideoan sariak zoriontsu egin duela adieraztean, Madrileko Udal Kiroldegian burutu zen ekitaldian zirenak zutik jarrita txalo zaparrada eskaini zioten. Une hunkigarria izan zen.
Alex de la Iglesiarekin izan zuen hitzordu honetako bideoaz aparte, Merceroren filmetako zatiak eman ziren, eta baita lasarteoriatarrak urtetan egindako adierazpenen aukeraketa ere.
Zinema eta telesailen zuzendari ezagunak Alzheimer gaixotasuna duela eta ez zuen sari banaketara joaterik izan, baina ekitaldian, zuzenean, bere semeak izan ziren aitaren izenean Ohorezko Goya saria jaso eta haren izenean Akademiaren erabakia eskertzeko: Zuzendaria etxean txanpan kopa batekin ekitaldia ikusten zegoela jakinarazi zuten eta gero "Euripean Kantuan" musikala ikusiko zuela. "Berak dio familiaren ondoan "Singing in the rain" ikusiz hil nahi duela. Alzheimerrak duen gauza on bakarra horixe da, "Singing in the rain" bostehun aldiz ikusi arren, beti izango dela lehenengo aldian bezala" kontatu zuen semeetako batek.
Espainiako Zinema Arte eta Zientzia Akademiak saria emateko merituen artean bere zinema-ibilbide ezin hobea nabarmendu du: "ibilbidea arrakastaz eta esperimentu interesgarriz gainezka dago eta arlo oso zabalean gainera, bai film labur, erdi eta luzeetan. Bestalde, bere estilo eta molde pertsonalarekin umorea eta samina lotzen asmatu du beti, sortu dituen ekoizpen ia guztietan".
Ia 50 urte dara matza zinemaren munduan Antonio Mercerok, 1962an lehen laburra egin zuenetik. 1972ko La Cabina lanarekin nazioarte mailan hainbat sari jaso zituen. Verano Azul telesailarekin ere arrakasta eskuratu zuen, eta baita Farmacia de Guardiarekin ere. Azken lan arrakastatsuak zineman Cuarta Planta minbizia duten haur batzuei buruzko filma eta 2007ko ¿Y tú quién eres?, hain juxtu berak egun duen Alzheimer gaixotasunari buruzko filma izan dira.