2008ko aurrekontua beste urte bat luzatuko dute

Txintxarri Aldizkaria 2010eko otsailaren 19a

Asteazkenean, Foru Aldundiak jakin arazi zuen 2009ko zerga bilketa baxua dela eta, herriek 98,9 milioi bueltatu behar zituztela eta atzo burutu zen Udal batzarrean, Lasarte-Oriako alkateak jakinarazi zuenez, horietako 2 milioi euro baino gehiago Lasarte-Oriak itzuli behar ditu. Guztira, 2008ko itzulpena ere kontuan izanik, 3,5 milioi baino gehiago itzuli beharko ditu Udalak 2013. urtera bitartean.
Egoera, Udalaren aurrekontuetarako kolpe handia dela adierazi zuen alkateak eta luzatu egingo direla jakinarazi: 21/2003 Foru araudiaren 50. artikuluak ahalbideratzen duenez, “aurrekontuak luzatuko dira, beraz, 2010ean ez da aurrekonturik aurkeztuko“. Inbertsio programa bat egingo duela ere jakinarazi zuen.
“Sail bakoitzeko aurrekontuak ongi hitzartuko ditut, gizarte zerbitzuak mantendu eta gastu korrontea jaitsi behar dugu,” aipatu zuen.

Ordenantza eta idazkaria

Bestalde, Babes Publikoko Etxebizitzen Erregimena Arautzeko Ordenantza onartua dago jada. Gipuzkoako Boletinean argitaratu zenetik hilabeteko epean emendakin bat izan zuen baina Udaleko Ekonomia eta Ogasuneko batzordean aztertu eta atzera bota zen: Lasarte-Orian bost urtez jarraian lan egin duten pertsonek etxebizitza eskaintza honen onuradun izatea eskatzen zuen Donostiako herritar batek. Batzordean atzera bota ondoren, erabakia batzarrera eraman eta onartu egin zen. Beraz, ordenantza guztiz onartua dago.
Honen ostean, Kooperazioko Laguntzak ikertzeko Batzorde bereziko idazkari-kargurako Udaleko idazkariaren ukoa onartu edo ez bozkatu zen bitan. Bietan berdinketa egon zen eta ez zen aurrera atera PSOEk duen kalitate bozkarengatik. Ezker Abertzalea idazkariaren jokabidearen alde agertu zen: “bidezkoak iruditzen zaizkigu idazkariak emandako arrazoiak.” Bide batez, Udalak diru laguntzen araudia noiz izango duen prest galdetu zuten.
Idazkariak zirriborroa prest duela adierazi zuen, zera gaineratuz: ”orain idazkaritza somotizatuta dago eta ia geratuta. Batzorde berezientzako dokumentuak prestatzen ari gara soilik. Aste honetan edo hurrengo astearen hasieran horrekin bukatu eta araudiarekin aurrera egitea espero dugu”.
PSOE azaldu zuenez, idazkariaren ezezkoaren aurka daude, legeak Batzarreko idazkari nagusia batzordeetako idazkari izan behar duela esaten duelako.

Haitiko kanpo zorra

Ezker Batuak Haitiren kanpoko zorra kitatzearen inguruan aurkeztutako proposamena aurrera atera zen.
Hala ere, alkateak Haitik Espainiarekin duen zorra barkatzeko arazorik ez dagoela eta mozioan zerbait falta zela azpimarratu zuen. “Nazioarteko Kooperazio Agentziak barkatutako zorra hezkuntza eta osasun gaietara bideratzea arautzen du,” azaldu zuen alkateak.
“Estatuak lan handia egin du Haitin. Gainera, proiektu berria aurkeztuko du Zapaterok Europan, herrialdea eraldatzeko, ez berreraikitzeko,” aipatu zuen eta “landa garatu eta sustatzeko ahaleginak egingo dira, faila tektonikoak dauden eremuetako bideragarritasuna egingo da.”
“Honetaz gain, instituzioak sendotu behar dira, haiek bere herrialdea eraldatzeko,” atxiki zuen.
Ezker abertzaleak datu historikoak eskaini eta Haitin egon diren Gobernuek haren txirotasunaren ardura handia zutela azpimarratu zuten, baita hipokresia handia dagoela ere bai, “Hirugarren munduko herrialdeei bere burua urkatzera gonbidatzen ditugu, gero laguntzak emateko.”

E planari eskaera gehiago

Honetaz guztiaz gain, alkateak E planeko diru laguntzak eskuratzeko bi proiektu berri aurkeztu direla ere jakinarazi zuen.
Batetik, frontoi eta padel instalakuntz en bigarren fasea aurkeztu da, hau da, instalazioa elektrikoa, padel-instalazioa eta hornikuntza, rokodromoa eta pilotalekuko frontisa eta bestetik, Gaztelekua barne hartuko duen eraikuntzaren egitasmoa. Bi proiektuak onartzeko bidean daudela ere jakin arazi zuen.