ETAren biktimen omenezko ekitaldia

Txintxarri Aldizkaria 2010eko otsailaren 19a

Lasarte-Oriako Udalak ETAren biktimak oroitu eta omentzeko ekitaldi instituzionala egin zuen astelehena eguerdian.
Udaleko batzar aretoa jendez gainezka zegoen: herritarrak, udal korporazioko kideak, ezker abertzalekoak izan ezik, Estatuko eta lurraldeko ordezkariak, besteak beste, Barne-Arazoetako Ministerioko Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako Zuzendari Orokorra, Jose Manuel Rodriguez; Gobernuko Delegatua Euskadin, Miguel Angel Cabieces; Gobernuko Delegatuordea Euskadin, Francisco Jordan de Urries; Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri lan eta Garraio Sailburua, Iñaki Arriola; Terrorismoaren Biktimen Aldeko Bulegoko Zuzendaria, Maixabel Lasa; Arartekoaren Ondokoa, Julia Hernandez; Gipuzkoako Batzar Orokorretako Presidentea, Rafaela Romero eta Gipuzkoako Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko diputatua, Edurne Egaña.
Eta noski biktimen senideak ere bertan ziren. Ekitaldian hamaika pertsona omendu zituzten, hain zuzen ere, Lasarte-Orian egindako atentatuetako biktimak eta udalerritik kanpo atentatu baten biktima izan diren bizilagunak, guztira eraildako zortzi eta hiru zaurituko, ondoko koadroan ikus daitekeen bezala.

Musika, hitza eta oroigarriak

San Pedro elizako kanpaiak hamabiak jo ostean, Carlos Rosat Euskadiko Orkestra Sinfonikoan zeharkako txirula jotzen duen herriko bakarlariak, Claude Debussyren Syrinx abestia eskaini zuen.
Lasarte-Oriako alkateak Ana Urchueguiak gazteleraz eta Jesus M. Zaballos zinegotziak euskaraz, herriko udal batzarrak adostutako mozioa irakurri zuten jarraian.
“ETA banda terroristak atentatu ugari egin ditu jatorri askotariko pertsonen biziarekin ordaindu dena. Gizarte ak sufritzen duen arren, gaur egun errekonozimendu argi eta esplizitu bat egin behar zaie askatasunaren eta demokraziaren defentsan bere bizia eman zuten herritar hauei guztiei,” irakurri zuten.

Elkartasuna

“Era berean, elkartasuna, babesa eta errekonozimendua helarazi behar zaie ETA banda terroristarengatik jarraituak izan diren milaka herritarrei, baita bere senide eta gertukoenei ere,” adierazten da mozioan.
“Biktimek maitasuna behar dute, baita bere senideek eta gertuko pertsonek ere, eta horregatik, hurbilen duten gobernuak, euren Udalak, modu ezabaezin batean erakutsi behar die maitasun hori,” esaten da Udalak duela gutxi onartu eta atzo irakurri zen mozioan, eskaerak jasotzen dituen puntuak baino lehen.
Irakurketaren ostean, El Cant dels ocells, askatasun eta itxaropen kantu herrikoi katalana, eskaini zuen Carlos Rosatek.
Batzar aretoko ekitaldiari amaiera emateko, Ana Urchueguia alkateak, Jesus M. Zaballosen laguntzaz, ekitaldiko oroigarria banatuko zien familiei. Une hunkigarriak bizi izan ziren orduan, Froilan Elesperen semeari emandako besarkada beroa, esate baterako.

Plaka Udaletxeko sarreran

Omenaldiak udaletxeko sarreran izan zuen jarraipena. Bertan, "Lasarte-Oriako hiriak terrorismoaren biktimen oroimenez eta omenez / El pueblo de Lasarte-Oria en recuerdo y homenaje a las víctimas del terrorismo" idatzia zuen plaka desestali zuen Ana Urchueguia alkateak biktimen senideen laguntzaz.
Honekin batera, gainera, bigarren plaka batek ere ikusi zuen argia, Eusko Jaurlaritzaren betibizi loreak.
Betibizi lorea, Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Aldeko Bulegoak martxan jarri duen ekimen berria da eta honen helburua erailketaren bat izan duten Euskadiko puntuak, plaka edo monumentuen bidez, seinalatzea da.
Ekitaldi honen bitartez, Lasarte-Oria Oroitzapenaren Mapari batzen zaion hogeita hirugarren udalerria d a, eta betibizi lorea daraman plaka jarri den lehenengoa.

Ekitaldian omenduak


Hildakoak
• Antonio Huegun Iruretagoiena
• Jose Javier Urritegi Aranburu
• Alejandro Saenz Sanchez
• Jose Herrero Quiles
• Alfonso Morcillo Calero
• Miguel Angel Blanco Garrido
• Froilan Elespe
• Begoña Urroz Ibarrola

Zaurituak
• Pilar Calahorra Escalada
• Dominica Navarro del Amo
• Francisco Fontela Albor