85 lagun doaz Saharako maratoira

jon-altuna 2010ko ots. 19a, 01:00

Elkartasuna eta kirola Tomas Arrutik eta Gorka Lasak iaz Saharako basamortuan maratoia egin eta hango egoera ezagutu zutenetik proba honi bultzada eman eta aurten gehiago izateko erronkari heldu zioten. Eta lortu dute, iaz baino bost aldiz euskaldun gehiago izango dira Saharan otsailaren 19tik 26ra. Iaz 17 lagun izan ziren, aurten 85 abiatuko dira. Hainbeste izanik aukera zuten hegazkinez Loiutik ateratzeko, hori zen euren erronka eta helburua, baina aurten Air Argelia konpainiak, 100 laguneko hegaldi Charterren prezioa garestitu du. Azken orduan, beraz, atzera egin eta Madriletik aterako dira maratoian parte hartuko duten beste hainbat lagunekin batera 300 lagunentzako hegazkin batean.

Datorren astelehenean, otsailaren 22an, egingo dute basamortuan, hamargarren Saharako Maratoia eta gaur eguerdian bertan abiatu dira 85 euskaldun (horietatik 12 lasarteoriatarrak) antolatzaileek jarritako autobusetan Madrilera, handik hegazkina hartu eta saharauiarren kanpamenduetara abiatzeko.
Gehienek lasterketan parte hartuko dute baina korrikalarien senide eta lagun batzuk ere joan dira ostiraletik ostiralera 19tik 26ra astea Saharan pasatzeko. Datorren ostiralera bitartean hainbat ekitaldi izango dira, besteak beste, Sahariar Errepublika Demokratikoaren eguna eta euskal jaia.
Maratoia 22an izango da astelehenez, gauean euskal jaia egingo dute, asteartean egingo da sari banaketa eta azken bi egunetan Dajla-ra doaz. Saharauiarrak lau kanpamendutan daude, hiru Tindufeko aireportu militarretik eta Rabuniko gunetik nahiko hurbil, Aaiun, Smara eta Auserdeko kanpamenduak, eta bat aparte dago, Dajla. Tomas Arruti eta Gorka Lasa aritu dira bidaia antolatzen eta eurek kontatu dizkigute joan etorriaren gorabeherak: "Iaz ere egin genuen Dajlara bisita. Bertan egiten da umeen lasterketa eta ondoren futbol partidoa, saharauiarrak besteen aurka. Aitortu beharra dago iaz egurra eman zigutela. Zaleak dira, badakite jokatzen, hanka hutsik gainera, ez gu bezala kriston zapatilekin. Haiek ezer gutxirekin ondo moldatzen dira".
Ilunabar batean jaialdi berezi bat egingo dute Dajlako dunatan. Saharauiarrek tea eskainiko diete eta musika talde batek joko du. Azkenengo egunean otsailaren 26an bertakoen aberri eguna ospatuko dute. “Berez 27an da Saharako Errepublika Demokratikoaren eguna, baina han, Dajlan, gaudenez bezperan egingo dituzte desfilea eta beste ospakizunak”.
Euskal Jaia ere egingo dute, maratoiaren gauean, 22an. "Zutik mantentzeko gai baldin bagara behintzat" kontatu digu Gorka Lasak umoretsu. Zerbait jotzen dakiten euskaldunek musika tresnak eraman dituzte eta guztien artean joko dute. Astean zehar saharar herriaren aldeko protestaldiren bat egiteko asmoa ere badute.

Bi errepidean saioa Saharan

Aurten gainera, oihartzun berezia izango du Saharako joan etorriak, ETBko kamarak bertan izango baitira. Bi errepidean Programako Urko Aristi Euskal Herriko korrikalariekin joan da kanpamenduetara eta gero han jasotako irudi eta informazioa aipatutako programan eskainiko ditu.
Saharako maratoia deitzen zaio probari, baina korrikalari denek ez dituzte 42 kilometro egingo: Aukera ezberdinak daude maratoi honen barruan. Hori azpimarratu zigun Gorka Lasak: “beti kontu berdinarekin gabiltza, baina maratoiaren barruan 42, 21, 10 edo 5 kilometro egiteko aukera dago. Edozeinen esku dago, beraz". Bestalde, basamortuko baldintzak gogorrak direla baina proba erakargarria da bi lasarteoriarren ustez: "Hemen ez dago basamortuan korrika egiteko aukerarik, beraz erakargarria da, hondarra, beroa,... "exotikoa" da. Dena den joan aurretik baldintzak gogorragoak izango zirela uste nuen. Basamortua esanda hondarra eta beroa datozkizu gogora. Hondarrean korrika egingo dela uste arren, bide gehiena zoru gogorra da, tramo batzuk izan ezik. Bestalde, goizean goiz 13 gradu ziren eta eguerdi partean 25 bat”.
Beste arazo bat basamortuko bakardadea da. 500 lagun atera ziren iaz, baina biei tokatu zitzaien kilometro batzuk bakarrik egitea. Gorka Lasak zera dio, "kilometro dexente egin nituen bakarrik eta berezia da. Lau aldetara begiratu eta sekulako lautada. Oso sentsazio polita da". Ez galtzeko, pibote zuri handi batzuk jartzen dituzte bidean eta beraz zuzenean hara jotzen dute.

Maratoia aitzaki

Tomas Arrutiri ere ez zitzaion horren proba gogorra iruditu: "Nik bi maratoi ditut eginak, Saharakoa eta Bartzelonakoa. Bartzelonan hurrengo egunean ezin nituen eskailerak igo. Noski asfaltoan kolpea gogorragoa da, Saharan errekuperaketa hobea izan zen”.
Iazko denbora hobetzera joango dira aurten, Gorka Lasaren iritziz, "kirolari baten erronka hori da, aurrekoa hobetzea, baina bueno iaz ere esan genuen, hau azken finean, maratoia egitea, aitzaki bat da guretzako. Iaz esperientzia ona izan zen eta aurten errepikatzea edo hobetzea nahi dugu. Gainera 80 euskaldun joanda girotxoa sortuko da”.
Saharauiarrak nola bizi diren ikusteak eragiten du zirrara. "Espero dugu aur ten ere gauza bera izatea. Iaz bertakoak ezagutu genituen eta gogoa ere badaukagu berriz ikusteko. Urte bete ondoren ia zer kontatzen duten, bat Argeliara joan zen ikastera, beste bat haurdun zen,..."
Merezi izan du urte osoan egindako lanak. Tomas eta Gorka gustora daude egindako lanak (prentsaurreko, diaporama emanaldi eta beste hainbat ekimen) izan dituen emaitzekin. “Helburua bete dugu, hegazkina bete dugu nahiz eta azkenean ez atera. Hori ez da gure esku izan, baina jendeak erantzun du”.