Paretaren bestaldean ta-ta-ta...! konpresorearen burrunba lagun dudala idazten dut hau. Fatxada berritzen ari gara eta hor ari dira, jo eta jo, adreiluraino pikatzen. Ta-ta-ta...! Gure izebarekin gogoratu naiz ezinbestean. Atsobakarreko zahar egoitzan dago. Bere buruaz baliatzeko gai diren pertsonentzako pentsatutako eraikina egungo beharretara egokitu behar eta, senidekooi udalak gonbidatu zigun bileran esan zigutenez, astelehenean hasiko dira obrak. Luze joko du kontuak, bi urte baino gehiago. Gurean bezala, onerako izango delakoan, eraman egin behar orain.
Konpresorearen ta-ta-ta...! baino eramangaitzagoa zait udalak langileen mobilizazioen aurrean agertutako jarrera. Egoitzaren kudeaketa duen enpresak (Florentino Perezena, omen) ez zuen hitzartutakoa betetzen. Udalak enpresa eta langileen arteko kontua balitz bezala jokatu nahi zuen. Politika liberalen burrunbak eramanda, jarrera hori orokortu da administrazioan: zerbitzuak pribatizatu, enpresei ordaindu, eta, hortik aurrera... eskuak garbitu.
Kontua pribatizatzea bada, ordea, dena dago pribatizatzerik! Baita kargu publikoak ere, zergatik ez? Arazoa ez da teknikoa. Formak gorde aldera, hauteskundeak egin eta, bestelako bitartekaririk gabe, Florentino edota Koplowitz-tarrei emango genie ke botoa zuzen-zuzenean. Botereak eta gobernuak bat egingo zuten azkenean. Inauteriak bukatu diren honetan demokrazia burgesari mozorroa kentzea baino ez litzateke.