Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
12 urte pasa dira Solaskide programa Lasarte-Orian abiatu zenetik. Hasieran talde handitan biltzen ziren euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak elkarrekin hitz egiteko. Duela bi urte birakuntza eman, eta orain talde txikitan biltzen dira, gehienez lau euskaldun berri eta euskaldun zahar batekin taldea osatuz. Gainera, orain parte hartzen dutenen zaletasunetan arreta gehiago jartzen da, inguruko profila dutenak elkartzeko. Hala ere, euren taldeetara soilik ez mugatzeko, eta harremanak sortzeko afari ederra antolatu zuten pasa den ostegunean. Lotsak kenduz, euskaraz gozatu zuten.
Euskara ikasi eta gero eguneroko bizitzan praktikan jartzeko zailtasunak izaten dituzte ikasleek, eta hain juxtu horren harira, gabezia hori saihestu nahian sortu zen Mintzalaguna egitasmoa duela 12 urte. Beraren funtsa zubi lana da, eguneroko bizitzan euskara praktikan jartzeko. Euskaldun berriak lotsa galdu behar du, eta "solaskide programa hizkuntza komunitatean integratzeko atea da" aipatu digu programa honen arduradunak. Gure herrian baditugu euskaraz soilik funtzionatzen duten espazioak eta "horiek eskaintzen dizkiegu solaskideri". Gainera, euskaltegietan eta Jalgin herrian euskaraz dauden ekintzei buruzko informazioa eskainiko da txartel mutuen bitartez, "hilabetero aldatuko ditugu, informazio eguneratuarekin".