Jalgi bete egin zen Xabier Silveira, Jon Martin, Unai Muñoa eta Ane Labakaren bertsoak entzuteko. Aitor Atxega herriko musikariak ere parte hartu zuen saioan eta tarteka bere gitarraren musika jarri zien bertsolarien doinuei. Ederki moldatu ziren hauek musikariaren laguntzarekin.
Gainera, aurkezpenik behar ez duten bertsolariei aurkezpena egin zien koplatan Aitor Atxegak bertso saioaren hasieran. Launa kopla bota zizkien, Silveirarekin hasita: “Lesakako estilo tuneatua, Maradonan niki txirriteatua, Ezagun dira bere, senak, Baina ez ditu esan, denak”... izan ziren lehen biak.
Muñoari ere lau kopla kantatu zizkion Atxegak: “Esaldi zorrotza, bulla txikia, Gaurko bertsoaren Lazkao Txikia, Puntu gazi-gozoak, guztiz, Puntu gazi-gozoak, eztiz. Umetan hasia bertsoai lotzen, Geroztik joan zera maila igotzen, Adikzioa sortzen zaizu, Adikzioa sortzen maixu”.