Gainera, aurkezpenik behar ez duten bertsolariei aurkezpena egin zien koplatan Aitor Atxegak bertso saioaren hasieran. Launa kopla bota zizkien, Silveirarekin hasita: “Lesakako estilo tuneatua, Maradonan niki txirriteatua, Ezagun dira bere, senak, Baina ez ditu esan, denak”... izan ziren lehen biak.
Muñoari ere lau kopla kantatu zizkion Atxegak: “Esaldi zorrotza, bulla txikia, Gaurko bertsoaren Lazkao Txikia, Puntu gazi-gozoak, guztiz, Puntu gazi-gozoak, eztiz. Umetan hasia bertsoai lotzen, Geroztik joan zera maila igotzen, Adikzioa sortzen zaizu, Adikzioa sortzen maixu”.
Jon Martinen abildadeak ere aipatu zituen musikari lasarteoriarrak: “Oiartzuarra da kriston makina, (...) Errima dezake Jon maguak, Goguak emateyon...... rima!. Gipuzkuan behin susto latza eman zigun, Ikaratu zitun Maialen ta Irun, Egin lezake hainbat, neurriz, Egin lezake hainbat, berriz”. Eta azken koplak Ane Labakari eskaini zizkion Aitor Atxegak doinu berezian: “Bi kanpotar dira ta bi herriko, Lasai egon ez gara eroriko, Luzituko gara ez kezka, Punttu punttuan dago neska. Anek ateratzen duen iturriak, asetzen ditu bertso egarriak, beti ateratzen du ona, arrazoi ta umore tona”.
Amaieran giroa bero
Handik aurrera Jon Altunak jarritako gaiei erantzunez saio polita osatu zuten lau bertsolariek. Gauerdira arte luzatu zen 8:30etan hasitako saioa, tartean ordu erdiko atseden batekin. Denetarik eta hainbat paperetan kantatu behar izan zuten lau bertsolariek, preso den bost seme alaben guraso, trabesti, basajaun, kirolari edo langabetu besteak beste.
Azkenerako asko berotu zen giroa, bertsolariak jende artera ere jaitsi ziren. Bero-bero, Aitor Atxega berak eta gai jartzaileak ere bertsotan amaitu zuten Tim Burtonen mozorroa jantzita, festa luzatzeko prest segitzen zuen, Jalgi tabernan.
Ikusleen artean ziren beste zenbait bertsolari, oholtza gainekoak ikustera etorriak: Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi eta Amaia Agirre. Beraiekin zen Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko abeslaria ere. Hain juxtu Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrieta Lasarte-Orian izango dira bi aste barru Arrieskalletan elkarte honek Ttakun eta Bertso Eskolarekin batera antolatzen duen afarian. Eñaut berak sarri kontatzen du Ken Zazpi taldeak lehen Kontzertua Jalgin eman zuela eta gehiago zirela oholtza gainean jotzen ari zirenak behean ikusten zirenak baino. Urte batzuk geroago Ken Zazpik Okendoko plaza beteko zuenik ez zuten pentsatuko orduan, noski.