Bi lasarte-oriar izan ziren aurkezpenean: Estibalitz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusia, eta Ricardo Ortega, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeko burua izan ziren ostiralean Foru Aldundian Udaltopeko II. edizioko xehetasunak eman zituztenak.
Aurten landuko den gaia Nerabeen aisia eta lagunartea izango da eta Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko? galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira.
Jardunaldien bigarren edizio hau apirilaren 21ean eta 22an izango da eta, berriz ere, Manuel Lekuona kulturetxean izango dute leku.
Euskara teknikarien bilgune
“Iaz bezala, topaketa hauen helburua Euskal Herriko euskara teknikariak bildu eta urteroko elkargune bat izatea da”, adierazi zuen Estibalitz Alkorta Aldundiko euskara zuzendariak.
Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeko buruak, Rikardo Ortegak azaldu zuenez, “Topaketak urtero egiteko asmoarekin jaio dira. Urteroko hitzordua izan nahi dute.”
Iaz 120 lagunek parte hartu zuten jardunaldietan, erdiak udal ezberdinetako euskara teknikariak ziren eta beste erdiak udalez kanpoko teknikariak.
Teknikari horiek guztiak Euskal Herriko hegoaldekoak ziren. Horregatik, aurten, iparraldean hasi berriak diren udaletako euskara teknikariak bereiziki gonbidatu dituztela nabarmendu zuen Rikardo Ortegak.
Berrikuntzak sarean
Hau guztiaz gain, aurtengo jardunaldietan hainbat berrikuntza, nabarmen egon direla ere azpimarratu zuten, bloga eta sare sozialak.
Iaz www.udaltop.com webgunea jarri zen martxan eta aurten bloga gehitu zaio.
Honen bitartez, antolatzaileen eta parte-hartzaileen arteko harreman eta komunikazio zuzena sustatu nahi izan dute.
Nerabeengan eragin
Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira Era honetara, sare horretan zabaltzen den informazioa partekatu eta sare anitzagoetara zabaldu daiteke.
Gainera, jarduera horrek bat egiten du aurtengo topaketen izaerarekin eta mamiarekin; nerabeen artean nola eragin, hain zuzen ere.
Izena ematea
Nahiz eta Udaltop Udaletako Euskara teknikariei zuzendua egon, gainerako teknikariek eta gaian interesatuek ere eman dezakete izena.
Matrikulazio epea gaur zabaldu da eta Internet bidez, www.udaltop.com web orrialdean egin behar da.
Prezioa iazkoaren berdina izango da 80 euro, bi egunetako bazkariak barne.
Hala ere, gaia zein den ikusita, 25 urtez azpiko ikasleentzat 25 euroko beste matrikula bat ezarri dela jakin arazi dute.Hilabeteko epea dute interesatuek izena emateko.