Euskara ikasi eta gero eguneroko bizitzan praktikan jartzeko zailtasunak izaten dituzte ikasleek, eta hain juxtu horren harira, gabezia hori saihestu nahian sortu zen Mintzalaguna egitasmoa duela 12 urte. Beraren funtsa zubi lana da, eguneroko bizitzan euskara praktikan jartzeko. Euskaldun berriak lotsa galdu behar du, eta "solaskide programa hizkuntza komunitatean integratzeko atea da" aipatu digu programa honen arduradunak. Gure herrian baditugu euskaraz soilik funtzionatzen duten espazioak eta "horiek eskaintzen dizkiegu solaskideri". Gainera, euskaltegietan eta Jalgin herrian euskaraz dauden ekintzei buruzko informazioa eskainiko da txartel mutuen bitartez, "hilabetero aldatuko ditugu, informazio eguneratuarekin".
Ikasteko prozesuan murgilduta dauden ikasleei onura ekarriko die ahalik eta ordu gehiagoz euskaraz bizitzeak "eta guk ate guzti horiek zabaldu eta eskutara eman nahi dizkiegu". Solaskide programa ordu betez euskaraz aritzea baino gehiago da "sozializatzeko modu bat eta euren zaletasunak euskaraz egin ahal izateko aukera" arduradunaren ustez.
Mingaina osagai nagusi
Arrieskalleta elkartea izan zen berri-jarioen testigu ostegunean. Solaskide programako lagun ugari bildu ziren aulkirik gabeko mahai baten inguruan "jaikita izanik jende gehiagorekin harremanetan jartzeko aukera izan zuten" arduradunaren ustez. Afari honek zuen helburua aski ederki bete zen: "programan parte hartzen dutenak elkar ezagutzea, soilik bakoitzaren solaskidearen harremanera mugatu gabe eta horrela sarea zabaltzea".
Guzti honekin, euskara iturburu duten harremanak sortu ziren, beraien bizitza errealean ere euskararen presentzia sendotzeko.
Zuek gabe ez dago ezer
Euskara izan da askorentzat ama hizkuntza, baina beste askok ez dute aukera hori izan. Adin nagusian hasi dira euskara ikasten, eta bere hartuemanak gaztelaniaz osatu dira.
Orain aukera bat dute hori aldatzeko, baina horretarako euskaldun zaharren inplikazioa behar beharrezkoa da. “Zuek ez duzue zailtasunik izan ikasterako orduan edo euskaraz jarduteko, baina askok bai. Esfortzu handia egiten ari direnak lagundu nahi? Egin zaitez solaskide”.
Euskaldun berriek ikaragarrizko ahaleginak egiten dituzte euskara ikasteko, bai diru eta baita denbora aldetik, eta hori egin eta gero arazo batekin egiten dute topo "praktikan jarri ezina eta horrek frustrazio handia eragiten die".
Izan ere, nahi izan dutelako ikasi dute eta ez behar batek eraginda, beraz komeni da praktikan jartzen laguntzea "astean ordu bat baino ez da eta zor diegu egiten ari diren esfortzuagatik". Gainera, jende pila ezagutu eta harreman berriak egiteko aukera eskaintzen da solaskide programaren bidez.
Zaletasunei begira
Solaskide izan nahi duenak Ttakunetik pasatzea baino ez du. Bertan, “euren perfila ikusteko inkesta txiki bat egiten zaie, beraien zaletasunei buruz informazio jasotzeko eta ondoren ondo elkar hartuko duten jendea bateratzen saiatzeko”. Aipatu bezala, solaskide programa ez da soilik hitz egiteko bilera bat, parte hartzaileei euren zaletasunak euskaraz egiteko aukera ere eskaintzen zaie.
“Kantuan aritzea gustatzen zaizula, Xumela abesbatza duzu. Kultura, kondairak, ohitura eta ibiltzea duzula gustuko? Oinatz talde zure zain dago. Aldiz eskuetan dagoela zure trebezia, ba eskulanen ikastaroan parte har dezakezu. Edo zure zaletasuna poteatzean dagoela, lasai, horretan ere euskaraz aritu zaitezke. Ostegunero 20:30etan Jalgin Euskaldun zaharren koadrila duzu zain. Ez baldin baduzu astero poteoan ibili nahi, ez duzu zertan ibili beharrik, nahi duzunean han izango dituzu zure zai. Solasean aritzeaz gain, zure zaletasunak ere euskaraz egin ditzakezu. Murgildu euskara munduan”.
Zure euskara traketsa da?
Herritar ugari dago gure artean euskara trakestua, ahaztua edota herdoildua dutenak. Bere garaian euskara ikasi zuten, baina ez erabiltzeak eta denboraren poderioz, euskaraz aritzeko erraztasuna galtzea eragin die "eta hor dugu aztertu gabeko esparru handi bat". Euren egoera aldatzeko "animatu nahiko nituzke proiektuan parte hartzen, kolpetik ez direlako berriro euskaraz bizitzen hasiko. Aukera polita dute beraz, solaskide programan murgilduz eta erdi ahaztuta duten hizkuntza horretan berriro ondo mintzatzeko”.
Ahoz ahoko propaganda
Kurtso hasieran euskaltegietara joaten dira solaskide programa azaltzera, inongo bestelako propagandarik egin gabe "jendea etortzen bada behar hori ikusten duelako da". Gainera, urtean zehar solaskideen kopurua igotzen da “programan dabiltzanak dira gure propaganda onena". Parte hartzen dutenek gomendatzen badute, "baliagarria izango delakoan gaude eta lanean jarraitzeko gogoak pizten dizkigu".
Euskaldun zaharren eta euskaldun berrien artean, aurrez aurreko eta giza harreman garrantzitsuak sortzen dira. Herrian jada 80 solaskidek egin dute horren aldeko apustua, zuk gure sarean sartu nahi duzu? Egizu solaskide izateko apustua!.