Andaluzia Eguna ospatuko dute mundu osoko andaluziarrek igandean eta Lasarte-Orian bizi direnek ere hainbat ospakizun ekitaldi antolatu dituzte astebururako. Aurten gainera egun handia jai egunez suertatu da eta Semblante Andaluz elkarteko kideek egitarau zabala antolatu dute larunbat eta iganderako.
Bihar larunbata jaialdi berezia eskainiko dute Manuel Lekuona kultur Etxean, Semblante Andaluz Kultur Elkarteko talde ezberdinek arratsaldeko 19:30etan hasira. Kantuan eta dantzan arituko dira elkarteko zenbait talde.
Dantza eta kantua
Andaluziako dantzak eskainiko dituzte, Gitanillos del Alba, Duende Flamenco eta Zambra taldeek eta kantuan, berriz, Semblante Rocieroko abesbatzak eta Grupo Sentimiento taldeak arituko dira. Duende Flamenco elkarteko neska mutilek osatutako dantza taldea da.
Gainera jaialdian gonbidatu bereziak “Amigos del Sur” taldekoak izango dira. Beraz Semblante Andaluz elkarteak jaialdi bikaina antolatu du larunbatean Andaluziako Egunaren egitarauaren barruan.
Eta igandean ospakizuna Semblante Andaluzek Atsobakarren duen elkartera eramango dute. Aurretik Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokian, goizeko 11.30etan hasita, Andaluziako meza tradizionala izango da, Rocio meza alegia. Bertan, Semblante Andaluz-eko abesbatzak kantatuko du.
Bazkaldu aurretik, eguerdiko 13:30ean Ohorezko Ardoa eskainiko zaie elkarteko kide, lagun eta gonbidatuei Semblante Andaluz elkartean. Ondoren, elkartean bertan bazkari herrikoia hasiko da 14:30ean eta bazkalostean, gutxi gorabehera arratsaldeko 18:30 inguruan berriro elkarteko “Semblante Andaluz” koroak emanaldia eskainiko du, besteak beste Andaluziako ereserkia abestuz.
Ospakizunean elkartera hurbiltzen direnek Andaluziako produktuak dastatzeko aukera izango dute beraz.