Jaurlaritzako Barne sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 23 urteko semea, ustez arazo psikiatrikoak dituena, atxilotu egin zuen ostiralean bertan hiltzailea delakoan.
Gertaera
Ostiralean, 14:00ak aldera izan zen heriotzaren berri Oria auzoko Zelaialde kalean. Bizilagunek deitu zioten Ertzantzari gazte bat emakumea jipoitzen ari zela eta. Ustez labankadaz egindako zauri larriak zituenez, anbulantziari deitu zioten hauek, baina Osasun-zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin bertara iritsi zirenean.
Kontzentrazioa eta batzarra
Lasarte-Oriako Ana Urchueguia alkateak, gertakariaren berri izan eta, ohar baten bidez, ostiraleko hilketa gaitzetsi eta larunbatean kontzentrazioan parte hartzeko deia egin zien herritarrei. Alkateak berak parte hartu zuen larunbat eguerdiko ordu laurdeneko isilunean beste 200 lagun ingururekin batera. Beste zenbait zinegotzi eta Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren biktimei laguntzeko Zuzendaritzako eta Emakundeko ordezkariak ere izan ziren bertan. Hainbat kazetari eta telebista kamara ere izan ziren Udalaren aurrean.
Bestalde, gaia aztertu eta gaitzesteko ez ohizko Udal batzarra deitu dute gaurko.