Ana Urchueguiak alkatetza utziko du

Txintxarri Aldizkaria 2010eko otsailaren 23a

Gaur eguerdian, Ana Urchueguia alkatea hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko ez zelaren zurrumurrua egia bihurtu da.
Urchueguiak bere partiduko kideen laguntzaz, gaur eguerdian prentsaurrekoa eskaini du non bere etorkizunari buruzko azalpenak eskaini dituen, Lasarte-Oriako alkatetza utzi eta Eusko Jaurlaritzak Txilen duen ordezkaritzan lan egingo duela.
“Ez dut honi buruz ezer arraroa agertzea nahi, izan ere, lehendakariak deia egin zidan eta Txile eta Perun ordezkari lanak egiteko eskaini,” adierazi du Urchueguiak.
Erronka berria hau garrantzitsua dela azpimarratu eta urte hauetan lortu duen esperientzia “lehendakariak eskatu didan lanean” oso baliagarria izango dela aitortu du, “bertan dauden euskal enpresak sendotu eta herrialde horietako instituzioekin harremanak eramatea.”
Honetaz gain, Eusko Jaurlaritzako gobernu berria eratu zenetik hainbat eskaerari ezekoa eman diela jakin arazi zuen alkateak.
Eta hurrengo hauteskundeetara aurkezteko asmorik ez duela ere aipatu du. “31 urte daramatzat herriaren alde lan egiten, nere bizitzaren erdia baino gehiago eta hurrengo hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki nuen,” adierazi du Urchueguiak.
Horregatik eta beste hainbat arrazoiengatik, hizkuntza, kudeaketan duen esperientzia edo bere burua gai ikusten duelako, esate baterako, lehendakariak proposatutako kargua hartzea erabaki duela azpimarratu du Anak.

Zinegotzi bezala jarraitu

Hala ere, inork susmo txarrik ez izateko eta erabakitzeke dauden kontu batzuk hala nola, inbertsio planaren aurkezpena edo Somotoko ikerketa, amaitu arte zinegotzi bezala jarraituko duela azpimarratu du.
“Txilen egongo naiz, baina beharrez gero, hona etorriko naiz. Gainera, batzordeko kide izango naiz. Ez dut erantzukizunik saihestuko,” adierazi du.
Era berean, bere alderdi kideak laguntzeko prest agertu da alkatea, “hauteskundeetan hemen egongo naiz.”

Eskerrak eta oroitzapenak

Eskerrak eman dizkie herritarrei, “hainbeste urtetan guregan konfiantza izateagatik eta alderdiari nigan konfiantza izateagatik.”
Honetaz gain, alkate lanetan egin dituen 25 urte hauetan gauza onak eta txarrak igaro dituela gogoratu du," baina positiboekin geratuko naiz, izan ere, herrian eta herriaren alde egin diren gauzak ugariak dira.” Honela, lehenengo lanak gogora ekarri ditu, baita Froilan Elesperen hilketa ere.

Alkate aldaketa

Gauzak horrela, hurrengo hauteskundeak arte, Jesus Mari Zaballosek, Gazteria eta Jaien batzorde buruak, bere lekua hartuko duela aditzera eman du.
“Momentua zen, erabakia hartu beharra nuen eta udalbatzan dagoen jendeari lekua utzi,” azpimarratu du eta aldaketari buruz “jendeak Jesus ezagutzea nahi nuen eta kudeaketa ona egingo duela uste dut,” adierazi du.
Jesus M. Zaballosek hartu du hitza amaieran eta lehenik, eskerrak eman dizkie Ana eta alderdiko kideei kargu berriarengatik.
Ostean, “emakume honek egin duen lana handia izan da bai herriarentzat, baita Euskadirentzat ere. Horregatik, erronka da niretzat eta ilusio handiz hartzen dut izendapena. Taldean konfiantza osoa dut eta Anarekin bezala, lan egitea espero dut,” adierazi du.