Zortzi bikote Gomazko XVI. pala txapelketako lehian

Txintxarri Aldizkaria 2010eko otsailaren 25a

Asteburu honetan emango dio hasiera Ostadarrek antolatzen duen Gomazko pilotako XVI. Pala txapelketari.
Lehiaketa honen helburua kirol modalitate hau herrian sustatzea da, gazteenek kirol hau ezagutu eta jolasteko. Horretarako parte hartzen duen bikote bakoitzetik behintzat bat herrikoa izan behar du, nahita nahiez.
Ildo hori jarraikiz, ohitura mantentzeko, finalaurrekoak eta finala zuriz jokatzen dira.

Lehiaketa sistema

Aurten bikote kopuruak behera egin du, zortzi bikote izango dira lehian.
Antolatzaileen adierazi digutenez, bikoteak multzo bakarrean lehiatuko dira eta partidak 30 tantora izango dira.
Era honetara, ligaxka egingo dute, guztiak guztien aurka. Hirugarren eta laugarren postuak eta final nagusia maiatzaren zortzian jokatuko dira.
Partida guztiak, kirol guneko frontoian jokatuko dira, larunbatetan 15:00etatik aurrera eta igande goizetan 9:00etan hasiko dira.

Iazko txapeldunak garaitu

Txapelketara aurkeztu diren bikoteen artean, iazko bikote txapelduna dago, Iñigo Arluziaga eta Oskar Lazkano.
Txapela sei alditan eskuratu duen bikote honek, berriro ere, garaipena eskuratzeko aukera du.
Baina ez dute erraza lortuko, beste zazpi bikoteak gogor saiatuko baitira maiatzaren 8an jokatuko den finalean postua lortzeko.