“Gure herriko erosotasunei ez diegu garrantzirik ematen”

Nerea Eizagirre 2010eko otsailaren 25a

El Salvadorko Nejapa herrialdeak 30.000 biztanle ditu. Gazteen langabezi tasa handia da eremuan eta gazte talde edo maretan sartzeko arrisku handia dute gazteek. Hori ekiditeko hainbat erakundek ekintza ugari antolatzen dituzte gazteentzako etxeetan.

Lasarte-Oriako Udalak Hego eta Erta Amerikako hainbat herrialdeetan proiektuak ditu martxan. Horietako bat, El Salvadorko Nejapa herrialdean egiten da. Urte hasieran, herriko Ibon Brit gaztea joan zen bertako proiektuan lan egitera. Posta elektronikoaren bidez, Ibonekin harremanetan jarri gara proiektuari eta bertan egiten duen lanari buruz gehiago jakiteko.

Zein proiekturekin joan zara Nejapara?
Lasarte-Oriako Udalak bertanFroilan Elesperen izena daraman proiektua du. Lau urteko iraupena du eta hau da, martxan dagoen bigarren urtea.

Lasarteoriatar bakarra zara?
Bai, egia esan proiektu honetan El Salvadorkoa ez den bakarra naiz, baina jendea oso konprometitua dago proiektuarekin.

Zein da egun eremu horretako egoera?
Gaur egun kezka handia dago Nejapa eremuan eta El Salvador osoan maren, gazte taldeen, arteko hilketa kopurua handitu delako, eguneko 16 daude.
Honetaz gain, neskek lehenengo haurra 13 eta 14 urte artean izaten dute, haurren %58,4a ez doa eskolara eta gazteek 16 urterekin uzten dituzte ikasketak.
Eta enpleguari dagokionez, 15 eta 24 urte artean, hiru gazteetatik bi langabezian daude.
Zein desberdintasun daude gure herriarekiko?
Bi herriek ez dute ezer amankomunean. Hemen ez dago pisuetako etxebizitzarik, etxeek 325 metro karratu dituzte. Hemen ez dago Lasarten izan dezakegun askatasuna, gauean ezin zara etxetik atera maren arriskuagatik edo bestelako erasoa izan dezakezulako.
Gainera, gure herriko erosotasunei ez diegu garrantzirik ematen, hemen ez dago ez garbigailurik, ezta ur berorik ere.
Eta zer esanik ez, kaleetan ikusten den pobrezia handiari buruz.

Proiektu bakarra da?
Bai, baina bere baitan Procomesen, Gobernuz kanpoko erakundearen, beste proiektu batzuk daude.
Procomes-ek hemezortzi urte daramatza lanean El Salvadorren eta lan handia egiten du ingurumen hondamendiak sufritu dituzten eremuak berreraikitzen.
Izan ere hemen dagoen orografiagatik hondamendi ugari gertatzen baitira.
Laburbilduz, esan daiteke, proiektu gehienak gazteei zuzendutakoak direla, hala ere, herritar guztiei laguntzen saiatzen gara.

Beraz, gazteak dira proiektuaren funtsa?
Bai horrela da, gazteentzako zortzi etxe daude irekiak, ordenagailu gela dute, batzuk gimnasioa dute, aerobiceko ikastaroa dago batzuetan, masaje zentroa ireki berri dugu, nik zuzentzen dudana.
Larunbata arratsaldeetan haurrentzako filmak ikusgai daude.
Ekimen horien guztien helburua gazteak gauzak egin eta maretan ez sartzea da. Horrelako ekintzak egiten dituzten bitartean, ez dira maren eskuetan eroriko.

Zer egiten duzu han?
Egunero eskola batetara noa eta kirol begirale lanak egiten ditut, 5 eta 14 urte arteko haur eta gaztetxoekin. Jokoak eta, egunaren arabera, futbolean edo saskibaloian aritzen gara.
Arratsaldeetan, 14:00etatik 19:00etara, Nejapako gazteen etxean masaje terapeutikoko zentroan nago. Gero, gazteen egoera hobetzeko eta proiektu desberdinak aztertzeko bilera egiten dugu.
Honetaz gain, aldizkari bat ere zuzentzen dut, doanekoa eta Espainiako ligari buruzkoa da. Hemen futbolzaleak dira eta Real Madrid edo Barça taldeen jarraitzaileak.
Beraz, oso lanpetua nabil eta ez dut ia niretzako astirik.

Nolako harrera izan duzu?
Eskertzeko hitzak besterik ez dauzkat.
Procomeseko langileek lehenengo egunetik haien taldeko bihurtu ninduten eta behar izan dudan guztia eman didate.
Nire lana eta ahalegina aintzat hartzen dituzte eta hori da niretzat garrantzitsuena.

Zenbat denbora egongo zara Nikaraguan?
Ba egia esan ez dut bueltatzeko datarik, ikusiko da.
Hemen asko dago egiteko eta ez dut bueltatzen pentsatzen, hemengo egunerokotasunean baizik.