“Norberarekin ondo egoteko modua da yoga”

jon-altuna 2010ko ots. 26a, 01:00

Juan Jose Urbieta Yoga Acharia (maisua) Lasarte-Oriako Sanatana Dharma eskolan Juan Jose Urbieta, Yogako maisua da eta Lasarte-Oriako Sanatana Dharma eskolako orientatzaile eta arduraduna. 1985. urtean beheraldi bati aurre egiteko hasi zen yoga egiten, 1991ean lortu zuen yoga irakasle diploma eta ordutik ari da aipatutako eskolan. 2006an izendatu zuten yoga maisu, beronen zabalkundean egindako ibilbidea eta lana aitortzeko.

Zestoan jaio zen Juan Jose Urbieta, baina txikitatik Zumaian bizi da. 1997tik Zumaburun martxan den yoga eskolako irakasle eta orientatzailea da. Yoga zer den eta eskolan egiten dutena azaldu dizkigu. "Egia esan ez da erraza azaltzeko. Norbera bere buruarekin bat ondo egoteko modua da. Horrela, bizitzan ere ondo egotea lortu dezakezu, ondo bazaude ondo moldatuko zara. Gauza asko dira, alde batetik filosofia, baita bizitzen segitzeko teknika pila bat ere, baina azken finean sintesia da, hau da, horiek denak elkartu eta bizitzarekin bat datorren egoera orokor bat lortzea".

Nondik dator yoga?
Erantzun azkarrena Indiatik datorrela esatea da, jakina, baina gizakiarekin batera datorrela esaten dut nik. Teknika ortodoxoak, urte askotan, Indian egon badira ere, gizakiak, lehenengo aldiz, ondo zetorkion zerbait egin eta ondo sentitu bazen, esan daiteke yoga teknika bat erabiltzen ari zela. Indian urte askotan erabili dute, baina ez nuke esango indiarrena denik edo handik datorrenik, baizik eta oro har gizakiena dela.

Zientzia dela esaten duzue...
Galdera oso interesgarria da, zeren beste erlijio batzuetan ongi izatea suerte bat bezala ikusten da. Guk, aldiz, hori metodologia baten barruan dagoela diogu, gauzak ondo egiten badituzu, ondo aterako direla. Akzioa eta erreakzioa, metodo zientifiko soila, beraz. Hau da, arnasketak ondo lantzen baldin badituzu, erlaxatu eta lasaitu egingo zara, ondo izango zara, alegia. Hor ez dago inolako graziarik.

Zuen helburua zientzia hau zabaltzea eta zabalduko duten pertsonak prestatzea da, ezta?
Bai. Niretzako pertsonalki, yoga funtsezkoa izan zen, aurretik bat nintzen eta ondoren beste bat. Askori gertatu zaie hori. Eta beti galdetzen da, nola eskertu hori? Ba besteei erakutsita edo azalduta. Azken batean niri ondo etorri zaidan gauza bat besteei ere ondo etorriko zaie.

Maisuek urte askotako prestakuntza izan al duzue?
Ni yoga egiten hasi banintzen niretzako izan zen. Bost urtez aritu eta gero, maixuak esan zidan: zergatik ez zara maisu bezala prestatzen? Nik ez neukan horrelako pentsamendurik ez gogorik, ondo zetorkidan eta kitto, baina animatu egin ninduen, urte beteko ikastaro bat egin, (bost urte neramatzan jada yoga egiten) eta horrekin instruktorea edo irakaslea nintzen. Baina maixua beste maila batean dago, berez, maixuak izendatzen ditu beste maixuak. Ez da titulu bat, urtetan zehar aritu behar duzu lortzeko, urtetako prestakuntza eta bokazioa da. Duela gutxi, lana bilatzeko ikastaro bat egin nahi zuela esanaz etorri zitzaidan neska bat, eta desanimatu egin nuen. Hau ez da ogibide bat bokazioa baizik. Ikasten baduzu instruktore izango zara, baina ez oraindik maixua.

Zer eskaintzen du herriko yoga eskola eta taldeak?
Yogak nolabait esateko maila ezberdinak ditu, lehenengoa osasun yoga da. Dena den, ez digute osasuna aipatzen uzten, "paria"k bezalakoak gara, ez gara osasun gunea, ez gara erlijio gunea, ez gara eskola gunea, horiek denak betetzen ditugu baina ezin dugu esan. Asko etortzen dira medikuek eurek yoga egiteko esanda. Beraz, psikoterapia lana egiten dugu, hobeto sentiarazteko hainbat teknika erabiltzen ditugu, denon artean gauza asko ikasten ditugu, baina eskola ere ez da. Ez da baina horretan aritzen gara.

Norbera fisikoki, mentalki eta emozionalki hobeto sentitzea da helburua, ezta?
Eta espiritualki. Hitz hori gaur egun agian zaharkitua geratu da, baina horrela da.

Eta zer lantzen duzue?
Arnasketak, gorputzaren posturak, (postura ez da gimnasia, hori baino gehiago da), gorputz fisikoa, gorputz mentala, emozionala eta espirituala lantzen dira kontzientziaren bidez. Arnasketa eta erlaxazioekin batera badira beste teknika batzuk, garbiketak, urtean behin egiten dugu hesteen garbiketa, guk ez ditugu egiten baina baraualdiak ere badaude yogaren barruan, teknika psikologikoak ere bai... Azken finean doikuntza bat da, puntu-puntuan jartzeko.

Yogarekin batera, meditazioa ere egiten duzue, ezta?
Yoga berez meditazioa da. Gauza bera da. Yoga egoera bat da, meditazioaren bidez lortzen dena. Hori lortzeko, lagungarri diren teknika asko daude.

Eta erlaxazioa, zer da?
Beste teknika bat da. Askotan yoga lasaitzeko teknika bezala ikusten da, baina oreka lortzeko sistema da. Oso estresatuta daudenei erlaxatzea ondo datorkie, baina oso lasai daudenek bizkortzea behar dute, yogaren bidez euren egoera bizitzea.

Jende asko etortzen al da eskolara?
50 lagun inguru urtean zehar. Batzuk joan eta etorri egiten dira. Baina badira beste batzuk, duela ia 20 urte, 1991an, nirekin batera hasi zirenak. Nire maisua beste lokal batean hasi zen, eta harekin hasi zirenak eta segitzen dutenak ere badaude.

Hasiberrientzat ikastaroa doan eskaintzen duzue?
Bai promozio gisara, hilabetean probatzeko aukera ematen dugu.

Zestoan Sanatana Dharmaren beste zentro bat da, ezta?
Zestoan gure maisuak dauka zentroa. Sarri egoten naiz han. Bakoitzak bere lana egiten du. Han, formazio sendoagoa eskaintzen da, irakasle izango direnentzat. Han ikasi nuen nik, han daude aitzindariak. Lan sakonagoa egiten da, toki askotatik joaten dira irakasleak. Duela gutxi egin dugu bisita bat lasarteoriatarrek hura ikusteko.

Zergatik da ona yoga?
Lehen esan dugun bezala, ondo egotea lortzen baduzu, nabaritzen da gero, sendian, lantokian, lagunartean... Puntuan jartzen bazara, gero horrek edozertarako balio du. Gizarte honetan oro har jendea oso juxtu dabil. Edozer gauza gertatzean puskatu egiten dira. Eta zer esanik ez medikazioaren aldetik. Asko dopatuak etortzen dira eta isil-isilik egoten dira...

Posible al da teknika hauekin botikak gutxitzea?
Ni neu ere, beheraldi handi batekin nintzen, eta ez dakit zer eta nolakoa izango zen bestela nire bizitza, baina segur aski dopatuta ibiliko nintzen denboraldi batean. Bai, jende askok hobetu du egoera.

Profesionalki aritzen al zara honetan?
Ordu gehienak psikoterapian joaten zaizkit, ordu bete bakoitzarekin. Arazoak dituen jendearekin.

Aholkuak emanaz, beraz?
Ez, terapeuta txarrena aholku-terapeuta da. Ikusten laguntzen diet. Begiratu zer arazo duten eta jabetzen lagundu. Bati edo besteari galdetu egin behar izaten diet, zer espero duzu nigandik? batek zera erantzun zidan, “nire arazoak konponduko dizkidan jakintsu bat behar dut”. Esan nion oker zebilela, ni izan nintekeela nahikoa bihurri ausartzen ez zen tokietan begira arazteko, baina hortik aurrera... Ez, aholkuek bere arriskua dute, zerbait esan eta oker ateratzen bada... berak ikusi behar du. Psikoterapia hitza baino orientatzaile hitza dut gustukoa.