Urchueguiak, bere partiduko kideen laguntzaz, eskaini zuen prentsaurrekoan bere etorkizunari buruzko asmoak aurreratu zituen: Lasarte-Oriako alkatetza utzi eta Eusko Jaurlaritzak Txilen duen ordezkaritzan lan egingo du.
“Ez dut honi buruz ezer arraroa agertzerik nahi. Lehendakariak deitu zidan Txile eta Perun ordezkari lanak egiteko eskainiz,” adierazi zuen Ana Urchueguiak.
Erronka berri hau garrantzitsua dela azpimarratu eta urte hauetan lortu duen esperientzia “lehendakariak eskatu didan lanean” oso baliagarria izango dela aitortu zuen, “bertan dauden euskal enpresak sendotu eta herrialde horietako instituzioekin harremanak izateko”.
Honetaz gain, Eusko Jaurlaritzan gobernu berria eratu zenetik hainbat proposamenei ezekoa eman ziela jakin arazi zuen alkateak.
Eta hurrengo hauteskundeetara aurkezteko asmorik ez zuela ere aipatu zuen. “31 urte daramatzat herriaren alde lan egiten, nere bizitzaren erdia baino gehiago eta hurrengo hauteskundeetara ez aurkeztea erabakia nuen,” argitu zuen Urchueguiak.
Horregatik eta beste hainbat arrazoiengatik lehendakariak proposatutako kargua hartzea erabaki zuela azpimarratu zuen Anak: hizkuntzaregatik, kudeaketan duen esperientziarengatik edo bere burua gai ikusten duelako, esate baterako.
Zinegotzi gisa segituko du
Hala ere, inork susmo txarrik ez izateko eta erabakitzeke dauden kontu batzuk itxi arte, hala nola, inbertsio planaren aurkezpena edo Somotoko ikerketa, zinegotzi bezala jarraituko duela nabarmendu zuen.
“Txilen egongo naiz, baina behar izanez gero, hona etorriko naiz. Gainera, batzordeko kide izango naiz. Ez dut erantzukizunik saihestuko,” adierazi zuen.
Era berean, bere alderdikideei laguntzeko prest agertu zen alkatea: “hauteskundeetan hemen egongo naiz.”
Eskerrak eta oroitzapenak
Eskerrak eman zizkien herritarrei, “hainbeste urtetan guregan konfiantza izateagatik” eta alderdiari “nigan konfiantza izateagatik.”
Honetaz gain, alkate lanetan egin dituen 24 urte hauetan gauza onak eta txarrak izan dituela gogoratu zuen, “baina positiboekin geratuko naiz, izan ere, herrian eta herriaren alde egin diren gauzak ugari dira.” Honela, lehenengo lanak gogora ekarri zituen, baita Froilan Elesperen hilketa ere.
Alkate aldaketa
Gauzak horrela, hurrengo hauteskundeak arte, Jesus M. Zaballosek, Gazteria eta Jaien batzorde buruak, bere lekua hartuko duela aditzera eman zuen.“Momentua zen, erabakia hartu beharra nuen eta udalbatzan dagoen jendeari lekua utzi,” azpimarratu zuen. Aldaketari buruz “jendeak Jesus ezagutzea nahi nuen eta kudeaketa ona egingo duela uste dut,” gehitu zuen.
Jesus M. Zaballosek hartu zuen hitza amaieran eta lehenik, eskerrak eman zizkien Ana Urchueguiari eta alderdiko kideei kargu berriarengatik.
Ostean, “emakume honek egin duen lana handia izan da bai herriarentzat, baita Euskadirentzat ere. Horregatik, erronka da niretzat eta ilusio handiz hartzen dut izendapena. Taldean konfiantza osoa dut eta Anarekin bezala, lan egitea espero dut,” adierazi zuen Zaballosek.